Asier Altuna: «Historikoa da. Baionako Avironek armak ditu Clermont irabazteko»

Hitzordu historikoa ostiral arrats huntan Jean Dauger errugbi zelaian. 33 urte berantago lehen mailako final-laurden bat jokatuko du Baionak ostiral honetan. TOP14 txapelketako playoffeko partida jokatuko du Baionak bere zelaian Clermonten kontra. Irabazlea Tolosari lehiatuko zaio finalerdien karietara. 1992an, final-laurdena galdu zuen Serge Blancoren Biarritz Olympique taldearen kontra, puntu batez. Orduan errugbia amaturra zen. Eta urte batzuk berantago profesionala bilakatu zen. Baiona eta Clermonten arteko kanporaketa ostiral arrats honetan 21:00etan Jean Dauger zelaian. Irabazlea Tolosari lehiatuko zaio finalerdien karietara. Jakin 35 metro karratuko pantaila handi baten ezartzeko deliberoa hartu duela Jean René Etxegarai Baionako auzapezak ostiral honetan, Hau Roland Barthes zelaigunean.

Donibane Lohizuneko Andeniako merkatariak kexu

Donibane Lohizuneko Kexiloa eta San Josephe karriken artean dagoen Andenia saltegi guneko harakin, farmazialari, edo tabako saltzaileak, kexu gorrian dira herriko etxearekin, urte betez iraun duten hiri antolaketa lanek sekulako kalte ekonomikoa sortarazi dielako. Antolaketa berriaren ondorioz, txirrinduentzako bide gorria eraiki du herriko etxeak, Donibane Lohizunetik Senperera doana, eta auzoko komertzioen aitzinetik iragaten dena; horrek ez duela laguntzen diote, bi noranzkoa zen autoentzako errepidea, bakarrera bihurtu baita, eta autoa uzteko zailtasunak dituztelako bezeroek. Nola uztartu autorik gabeko mugikortasuna, eta auzoetako komertzio txikien bizia? Herriko Berriko Paxkal Lafittek dio biak bateragarriak direla eta herriko batzordeetara gaia emanen dutela.

Miarritzeko aldagune multimodalaren proiektua aurkeztu dute geltokian

Miarritzeko etorkizuneko aldagune multimodala (PEM) aurkeztu dute iaz egin zen herritarren kontsultari jarraikiz. Obrek mugikortasun beharrei eta tren sarearen eta Txik Txak sarearen arteko segurtasunezko lotura beharrei erantzutea dute xede. Abantzu 4,1 milioi euroko lanak 2026 hasieran abiatu ziren eta 2027 bukaeran bururatuko dira. Parte handiena Europako FEDER funtsen bidez finantzatu dira, %41,5ean. Mugikortasun sindikatuak gastuen %36,5 hartu du bera gain, Miarritzeko herriko etxeak %17a eta %5a Akitania-Berria Eskualdeak. Miarritzeko geltokia da Ipar Euskal Herriko bigarren geltokirik erabiliena Baionakoaren ondotik, 830.000 bidaiari inguru harturik 2023an. Geltoki berriak ibilgailurik gabeko ataria izanen du, taxi geltoki berria plazaren aitzinaldean, jauste lasterreko gunea eta VTC zerbitzuek erabiliko duten eremua Chapelet aparkalekuan. Horrez gain, 1.800 m2-ko azalera ukanen duen autobus geltokia, Txik Txak eta SNCF sareetako sei linearekin zuzeneko lotura ukanen du. Gaur egun hor diren 90 zuhaitzak atxikiko dira eta 48 zuhaitz berri landatuko. Zola ere berrituko dute, zuhaitzen uraren zikloa hobeki kontuan hartuko dituen konponbide baten alde.

Elena Kasiriain: «Ikerlari gazte eta euskaldunak saretzeko funtzioa du IkerGaztek»

Elena Kasiriain ortzaiztarra IkerGazte kongresuan saritua izan da. IkerGazte Euskal ikerle eta gazteen kongresua da, zoinetan tesi ezberdinak aurkeztuak diren. Bi urte guziz antolatzen du Udako euskal Unibertsitateak eta aurten Bilbon iragan da maiatzaren 28tik 30era. Bertan, 250 ikertzaile bildu dira eta horietatik 151k aurkeztu dute haien lana. Aurkezpenen ondotik hoberenak saritua izan dira eta Elena Casiriain Ortzaizeko antropologoak sari bat eskuratu du.

25 urte ospatuko ditu urriaren 25ean Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak

Berrogei ta hamargarren urtebetetzea ospatu zuen iaz LAB sindikatuak, eta 2000 urtean Ipar Euskal Herrira zabaltzeko hartu zuen erabakia. Baina langile abertzaleak antolatzeko asmoa lehenagotik heldu zela gogoratu du Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak prentsaurrekoan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea eta Atxik sortu zirenean: «Frantses sindikatuen zentralismoa eta hegemoniaren aitzinean, bertako sindikatu abertzale eta euskalduna sortzeko beharra sentitzen zelako. Egiteko beste molde bat beharrezkoa zelako. Langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa zelako». Urriaren 25ean Lekornen ospatuko du mende laurdena Ipar Euskal Herriko LABek. Sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aurkeztuko dute goizean. Ondotik bazkaria eta kontzertuak.