Adikzioez kontzentziatzeko abagunea, Hazparneko errugbi taldean

Droga, alkohola, mugikorra eta beste adikzio batzuen oihartzuna ukanik eta ikusirik lizeoetan eta Nafarroako errugbi taldean prebentzioa egin zutela, Hazparneko errugbi taldeak ere gai horien aipatzeko beharra sentitu du jokalari gazteekin. Horretarako Adiction France elkartea deitu dute hitzaldiaren emaiteko gisan eta helburua litaike urte oroz edo bi urtetarik behin prebentzio hitzaldia baten antolatzera jokalariekin lanketa baten egiteko xedez. Lehen hitzaldi hau, gaztetxo, kadet, arteko eta senior kategoriei zuzendua da, eta guraso, trebatzaile eta Hazparneko beste kiroletako trebatzaile eta jokalari ere hurbil daiteke. Hastapen batean, Adiction France elkarteak prebentzio hitzaldia emanen du eta ondotik, gurasoak eta trebatzaileak gelatik aterako dira gazteek haien artean hitz egin dezaten. Hitzordua goizeko 10etan finkatua da Hazparneko errugbi taldeko lokalean.

Urruñako Bixikenea kultur polo berria, estreinatzear

Urruñako Bixikenea eremua estreinatuko dute igande honetan. Herriko Etxea bertan kultur polo berria sortzen ari da, tokiko kultur ekimenak eta profesionalak biltzeko helburuarekin. Xabxaben kolektiboak espazioa apaindu du eta egun osoko egitaraua prestatu dute estreinaldirako: bi argazki-erakusketa, tailerrak, ikuskizunak eta kirol jarduerak egongo dira. Ekitaldien programa osoa Herriko Etxearen webgunean kontsulta daiteke. Bixikenea 2023an erosi zuen Herriko Etxeak. Lehen La Poste-ren opor-zentroa izan zen, eta 15 hektareako lursailean kokatua dago. Gaur egun, kultur egitasmo handienetako bat bilakatuko da, tokiko sortzaileentzako dedikatu espazioak izango ditu. 

Lau milioi euroko aurrekontua Baionako bestentzat, erdia sokorri eta segurtasun dispositiborako

Abantzu 1.200.000 bestazale hurbildu ziren Baionako Bestetara iaz. 2023ko edizioan baino %15 gutiago. Hala ere besta erraldoiak antolatzeaz gain, hauei dagozkien segurtasun neurriak plantan ezarri dituzte Herriko Etxetik. Jean-René Etxegarai auzapezak erran digunaz: «Lau milioi euroko behar ditugu besten antolatzeko eta erdia sokorri eta segurtasun gastuen estaltzeko baliatzen da. 900 pertsona pagatzen ditugu, 600 enpresa pribatuetakoak eta 300 CRS hots 4 CRS konpainia. Dena gehituz bestetako aintzinkonduen erdira heltzen gira. Hori jakin behar da eta hortarako ditugu sartzeak pagaraziko aurten ere ostiral eguerditik goiti». Sexu erasoei eta eraso sexistei begira prentsaurreko bat antolatuko dute ekainaren 30ean Herriko Etxeak eta Baiona 2032 kolektiboak. Hala ere bi berrikuntza aipatu ditu Laurence Hardouin axuantak: «QR kode bat izanen da PASS eskumuturretan eta norberak bere mugikorrarekin eskanea dezake eta horren bidez lotura eginen da hiriko 'viligance fêtes' aplikazioarekin. Eta hor xehetasunak atzemanen dira prebentzioari buruz edo jakiteko zer egin eraso baten seinalatzeko biktima edo lekuko bagira. Bigarren gauza, afixez gain, 'Erasorik ez' mezua idatzia izanen da edalontzietan. Basoa eskuan duena oroit dadin bestak inklusiboak izan behar direla eta errespetuzkoak».

380 ekitaldi kultural baino gehiago uda honetan Hendaian

Hendaian uda beti izan da urtaro goren bat, baina aurten, egoera ekonomikoa eta araudi berriak tarteko, erronkak nabarmenagoak dira. Departamenduko turismoa %6 jaits litekeela aurreikusten da, eta gainera, Euskal Hirigune Elkargoak onartutako araudi berri batek %16ko murrizketa ekarriko du turismorako aurrekontuetan. Horregatik, Herriko Etxeak inoiz baino gehiago jarri du indarra udako animazioetan: 380 ekitaldi baino gehiago antolatu dira elkarte eta tokiko eragileekin elkarlanean. Turismoak urtero 800 lanpostu sortzen ditu Hendaian, eta sektore askok –jatetxeak eta merkataritzak bereziki– uztaila eta abuztuko fakturazioaren laurdena turismoari esker egiten dute. Baina uda ez da ekonomia hutsa: Gaztelu Zahar abesbatzak 80. urteurrena ospatuko du abuztuaren 7an, eta Zarpai elkarteak bere 55. urteurrena uztailaren 18tik 20ra. Bi elkarte horiek ospakizun handiak antolatu dituzte, transmisioaren eta komunitatearen balioak nabarmenduz. Jai handiak izango dira, baina baita oroimen kolektiboaren adierazpen ere.

Miarritzeko BO errugbi taldearen modelo ekonomikoaz eztabaida Herriko Kontseiluan

Orotara 750.000 euro behar zituen Biarritz Olympique errugbi taldeak bere geroa Prod2 mailan segurtatzeko. Herriko Etxeko gehiengoak onartu du errugbi taldearen salbatzeko 250.000 euroko diru laguntza. Beste hain beste ekarri du Otium Pierre Edouard Stérinen enpresak eta azken partea lekuko inbestitzaileek osatutako talde batek. Eztabaidatsua izan zen Miarritzeko kontseilua joan den ostiral arratsean. Oposiziotik Maider Aroztegi auzapezari leporatzen diote diru emaile azkar bakar bati lotzen den modelo ekonomikoa iraunarazten duela. Horrez gain salatzen dute Biarritz Olympique bezalako erakusleihoa sarbidetzat erabiltzen duela Pierre Edouard Stérin negozio-gizonak, berak Frantzia mailan duen PERICLES eskuin muturreko proiektu politikoa garatzeko. Inizialen erran nahia : Patriotes / Enracinés / Résistants / Identitaires / Chrétiens / Libéraux / Européens / Souverainistes. Maider Aroztegik erran digunaz: «Adierazpen horier ez diet erantzuten. Périclès proiektua ez dut ezagutzen eta ez gira sekulan politikaz mintzatzen Pierre-Edouard Stérinekin. Kirolaz kanpoko gai horietarik urrun egoiten naiz». Stérinekilako tratuak ez direla argiak ere leporatzen diote oposizioko hautetsiek auzapezari. Bilkura bukaeran bozkatu eta onartu 250.000 Euroko diru laguntza Biarritz Olympiquen laguntzeko. Brice Morin, Guillaume Barucq, Lysiane Brao eta Richard Tardits abstenitu dira eta Sébastien Carrèrek kontra egin du.