Tolosako Dei Auzitegiak katalana herriko etxeetan baliatzeko debekua berretsi du. Montpellierko Prefeturak maiatzean eraman zuen auzitara gaia, auzapez katalanisten kexua eraginez. Orain, debekuaren kontra Estatu kontseilura joko dute hainbat herriko auzapezek, eta Europako giza eskubideen epaitegietara jotzeko prest dira.
14.000 euroko diru laguntza eskuratuko du EHZ festibalak. Kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzen ditu Joan Mari Torrealdai Beka irabazi du. 2026an, 30 urte ospatuko ditu EHZ-k. Horren karietara, historian, eta bereziki musikagintzaren bilakaera aztertzeko egitasmoa aurkeztu du. Musikazaleak eta kontzertuen antolatzeko manerak nola aldatu diren aztertuz adibidez. 2026an, liburua plazaratzeaz gain, hainbat ekitaldi antolatuko ditu EHZ festibalak gai honi lotuak.
Baionako Orange telekomunikazio enpresaren bulegoan protesta egin du asteartean Alda mugimenduak. Elkartearengana hurbildu den Francine-en kasua plazaratu dute. 72 urteko ikusmen urriko erretretadunari, 750€ fakturatu dizkio Orangek, hiru telefono mugikor linea kontrataraziz, mugikorrik ez zuelarik. Enpresaren webgunea ez baita ahalmen urriko pertsonei egokitua, sei hilabete behar izan ditu hiru lineak ezeztatzeko. Haatik, geroztik ez du bere dirua errekuperatu. Aldako kideek hiru orenez okupatu dute bulegoa protesta gisara. Ororen buru, Orangek dirua itzultzea eta fakturak baile hizkuntzan igortzera engaiatu da.
France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten denbora, Joko Olinpikoen estakurua dela eta. Aldi honetan, ber apaltzea inposatuko zaie hamasei astez urtean, eskolako bakantzen kari. Hori dela eta langileek beren kexua adierazi dute; izan ere, kate horren araudietan agertzen da France 3 katea hurbilekoa izan behar dela.
Gezurrak, asmaketak eta istorioaren berridazketa… Bakegileek zorrozki salatzen dute Iñigo Urkulluren gobernuak izan duen jarrera ETAren desarmatzearen azken fasean. Berezikiago, 2019an Eusko jaurlaritzak argitaratu zuen txostenak haserrea piztu zuen bakegileen artean. Adibidez, bakegileek apirilaren 8an «besta» antolatzeko asmoa ukan zutela dio Jaurlaritzak, bakegileek ukatzen dutena osoki. Bakegileen erranetan, Eusko Jaurlaritzak «ez du nehoiz onartu gizarte zibilaren rola armagabetzearen prozesuan». 'Bakegileen azalpena ETAren armagabetzearen azken faseko gertakari errealei buruz' izenburua du txostenak, Euskal Herriko bost artxibategi ezberdinetan gordeko dute.
- Francis Karrikart: «Etxebizitzak merkatutik atera nahi ditu Etxaldek, bakarrik horien gozamena salduz»
- Ehun xiberotarrek itzulia emanen diote Euskal Herriari, 'Aitzina biga' ikusgarriarekin
- Bixente Lafitte eta Thierry Harismendy Iparraldeko esku huskako txapeldun
- Txomin Casteigts: «Botereguneak behar ditugu Iparraldean, eta horretara dator gure autonomia estatutuaren proposamena»