Peña-Albisu eta Etxeberria-Martija lehian, Hendaiako ezker paretan

Bada hamabost urte pasa orain, binazkako profesionalen txapelketako partida gerizatzen duela Hendaiako Daniel Ugarte ezker paretak. Hamaikagarren egunaldia estreinatuko du Hendaiakoak Bixintxoen karietara. Ostiral honetan, Peña eta Albisu bikotea, Etxeberria eta Martijari lehiatuko zaizkie. Orain arte, Etxeberria eta Martijak garaipen bakarra erdietsi dute. Peña eta Albisuk hiru, baina lehen bostak galdu ondotik, egia da Peña eta Albisu hobeki ari direla azken garai honetan.

Urruñago agiantzak: «Geroari buruzko etxebizitzak» eraikitzea xede

Filipe Aramendi Urruñako auzapezak 2025rako proiektu nagusienak aurkeztu ditu, agiantzen karira. Legegintzaldiko azken urte honetan, 90 bizitegi ukanen dituen Iturxulia guneko proiektua martxan ematea izanen du xede nagusia.

Aloze-Ziboze-Onizegainen hainbat etxeren berpiztea erdietsi dute

Azken hamar urteetan herriko hutsik ziren bost etxe arraberritu dituzte eta sei bigarren etxebizitza bizitegi nagusi bilakatu. Horrez gain, apartamentu bilakarazi ditu herriak ere handiegi ziren etxebizitza batzuk. Xiberoan demografia ez bada igotzen, Basaburuan da bereziki arazoa. Alta, herri zonbait egin ahalen egiten ari dira herritarrak biltzeko, hoberena izanik gazteen jinaraztea, horiekin usu haurrak ere heldu baitira. Etxe bat bilatzen dutenei herriko etxeetan haien gogoaren berri ematea aholkatzen du auzapezak; horri esker eskaeraren heinaz ohartzen baitira eta lehentasunak finkatzen baitituzte.

Patrick Etxegarai (FDSEA): «Ingurumenari buruz sobera norma bada egun»

Azken hamarkadei segida eman nahi lieke FDSEA-JA sindikatuak, Departamenduko Laborantza Ganbararen gidaritzan. Patrick Etxegarai, orain arteko lehendakari-ordeak, erretreta hartu eta bere lekua utziko du. Hauteskunde hauetan, Coordination Rurale sindikatua nehoiz baino indar handiagoarekin parte hartuko du, eta horrek bozka zenbait galtzea eragin dezakeela badaki Etxegaraik: «bozka batzuk galduko ditugula badakigu, eta orain arte bozkatu ez duten hainbat laborarik, aldi honetan bozkatuko dute». Haatik, azaldu duenez, azken legegintzaldian CRk jada ordezkari bat zuen ganbaran, eta presidente-orde ohiak dioenez «gure proposamen guztien alde egiten zuen». ELB sindikatua gogorki kritikatu du ingurumenaren aldeko arauak babesteagatik, izan ere, bere ustez «klarki, sobera norma badira».

Itsasuko La Nive zentroa behin behineko «berrerabiltegi» bilakatuko da

La Nive zentroa, hamar urtez hutsik egon ondotik, berrenplegurako gune sozial bilakatzeko bidean da. UGECAM osasun segurantza kutxen kudeaketarako erakundeak eraikina saldu nahi badu ere, behin behinean, AIBA elkarteak bere proiektu soziala bertan abiatzeko ados agertu da. Elkarte horrek eguneroko objektuak konpontzeko berrerabiltze tailer bat sortuko du bertan, lanpostu sozialak sortu eta jasangarritasun ekintzetan sakontzeko. Euskal Hirigune Elkargoaren eskutik, berregokitze lanetan den Alki enpresaren lantegi zaharrean kokatuko dira etorkizunean. Behin behineko akordio horren bidez, aurtengo apirila hastapenetik abiatzen ahalko du AIBA elkarteak 1.700 metro karratuko eraikin horretan. Etorkizunean ez da argi zer gertatuko den La Nive zentro zaharrarekin, baina Mizel Hiribarren auzapezak azaldu duenez, bi proiektu posible daude mahai gainean, biak ala biak, formakuntzara bideratuak: Seaskaren lizeo profesional berriarena edota Ataria elkartearena.