Eguberriko merkatu euskaltzalea antolatu du Plazara kolektiboak lehen aldiz. Baionan, ON lokalean muntatua zuten salmenta gunea, finkaturiko data desberdinetan elkarte eta mugimendu ezberdinei irekia, lehen bilana baikorra da. Etxepare lizeoko ikasleekin egin dute prestakuntza eta horietarik bik haiekin lanean segituko dute oraindik bi hilabetez, eta bestalde Gipuzkoatik ere etorri dira hainbat saltzaile, beraz muga gainditu duela erran daiteke. Emaitza baikorra izanik, prest dira heldu den urtean ere berriz antolatzeko.
Pozten da Max Brisson diputatua, Frantziako gobernua berriz osatzea lortu baitu François Bayrou lehen ministroak. Alde batera utziak ziren dosier garrantzitsuak berriz eztabaidatzen hasiko direla espero du eta behin eta berriz aipatu du laborantzaren gaia, lurralde honetako eskaera nagusietarik bat dena. Begi onez ikusten du Brissonek bere hurbilekoak gobernuan izateaz, erraterako, Annie Genevard laborantzan, Bruno Retailleau barne ministerioan, eta Philippe Tabarot garraioan. Aldiz, beste hautu batzuekin dudak erakutsi ditu, bereziki, Manuel Valls lehen ministro ohia itsasoz haraindiko lurraldeen ministro izendatzearekin
Berri txarra Garaziko Mendi Elkargoko hazleendako. Iaz bezala, DDTM Lurraldearen eta Itsasoaren Departamendu Zuzendaritzak jakinarazi die eremu horretako laborarier, NPB laguntzen beha egon beharko direla aurten ere. Arrazoia da arazo teknikoak ukan dituela DDTMak eta ez dakiela noiz konponduko dituen. Untsalaz, garai honetan, sartu behar den diru laguntza horren arabera kalkulatzen dute urteko aintzikontua laborariek. Egoera hori onartezina dela dio ELB sindikatuak, zailtasun teknikoek egoera prekario hori sor dezaten salatuz.
Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatzen du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez bada erraza izan bururatze horren berri ematea publikoki, orain libraturik sentitu dugu.
Baionako Avironek TOP14 mailako laugarren postuan bururatu du urtea, eta Biarritz Olympiquek zortzigarrenean, nahiz eta zigor administratibo bat tarteko, bosgarrenean behar lukeen. Goi mailako TOP14 txapelketan, ez dira oraino txapelketaren erdira heldu baina bilana baikorra da. Baionarrek 30 milioi euroko aintzinkontua dute, eta beste taldeek bezala, atzerriko jokalari anitz ditu. Miarritzek bere aldetik, hats berri bat hartu ahal izan du, Aldigék eta Gavek taldearen giderrak Shaun Hegartyren taldearen esku utzi zituenetik. Aurten, 9 milioi euroko aintzinkontua dute xuri gorriek bigarren mailako Pro D2 txapelketan.