Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin. Eguberriko merkatu solidario, etikoa eta euskaltzalea izanen dela iragarri dute. Hitzorduaren prestatzeko, Etxepare lizeoko merkataritza saileko ikasleen laguntza izan dute.

Seiehun ikaslek parte hartu dute Xiberoako industrien bisitan

Xiberoako industria lantegien bisita egin dute seiehun ikasle inguruk, Industriaren Astearen kari. Gazteak industriaren mundura hurbiltzea eta lan-aukerei buruzko aitziniritziak gaindiaraztea helburu duen hitzordu hau, ODACE enpresabu xiberutarren elkarteak eta AZIA elkarteak antolatzen dute. Iragan asteartean, Spi Aero, Donquichosse eta Elkar enpresek, beren jarduera aurkeztu diete Manex Erdozaintzi Etxart, Argia  eta Atharratzeko kolegioko ikasleei, baita Sohütako lizeokoei ere. Enpresek beren lan-eremua eta industriaren balioa gazteei erakutsi nahi izan diete, sektoreari buruzko ikuspegi baikorragoa sustatzeko.

Bittor Thikoipe: «Kopla topelketak, Baxe Nafarroako bertsulari berriei plaza bat eskainiko die»

Baxe Nafarroko lehen Kopla Topelketa hartuko du Amenduzek, azaroan 30ean. Hamahiru bertsolarik hartuko dute parte: Xan Alkhat, Ramuntxo Christy, Battitt Crouspeyre, Gus Elizondo, Nahia Etxeberri-Lopepe, Elixabet Etxandi, Mizel Mateo, Peio Minhondo, Paul Moal-Darrigade, Jean-Marie Oillarburu, Pettan Prebende, Bittor Thikoipe eta Oier Urreizti. Topaketa eta txapelketa uztartzen dituenKoblaka arituko dira eta publikoak ditu txapeldunak hautatuko. Ekimen horren bidez, bertsolaritza bultzatu nahi dute Baxe Nafarroan, eta bertsolaritzara lotu berri diren gazteak oholtza gainera eraman.

Hendaian 86 etxebizitza sozial berri eraikiko dituzte datozen urteetan

86 etxebizitza sozial berri izanen dira Hendaian hemendik bi urte inguru, Orio auzoan lehen harria eman berri dieten Itsas Talaia eta Orioko Etxeak promozioetan. Lehenak, 51 bizitza sozial eta 34 pribatu Izanen ditu. Bestean berriz 35 etxebizitza publiko izanen dira, horietarik 21 alokairuan. T3 motako etxeak 500 euro baina merkeago eskainiko dituzte bertan alokairuan, 200.000 euro baina guttiagoan salmentan. 86 etxebizitza berri hauek Hendaian behar diren bizitza sozialen %10 baina guttiago dira, 1000 lagun inguru baitira etxebizitza sozial baten esperoan. 

Benito Lertxundi oholtzatik jaitsiko da, 60 urteko ibilbidearen ondotik

 

60 urteko ibilbideari bukaera ematea erabaki du Benito Lertxundik. Kantari eta musikari gipuzkoarrak iaz Gernikan grabatutako kontzertuaren zuzeneko diskoa aurkeztu du, eta horrekin batera eman du oholtzak uzteko erabakiaren berri. 19 urterekin hasi zen kantagintzan Frankismo garaian, Ez Dok Amairu taldeko kide gisa lehenik, eta bakarka ondotik. Sei hamarkadetan hogei disko argitaratu ditu oriotarrak, eta haren abesti anitz kantu herrikoi bilakatu dira.