Benito Lertxundi: «Zuzenezkoetan beharrezkoa den xarma hori galtzen ari nintzen»

Benito Lertxundik 60 urteko kantugintza utziko duela jakinarazi du Durangoko azokaren aurretik. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin amaituko du bere ibilbide luze eta aberatsa. Urteak zeramatzan erabaki hori hartuta, ez baita erraza izan amaiera horren berri ematea publikoki. Orain, askatuta sentitzen da.

Israelekiko harreman oro moztearen aldeko kanpaina abiatu du Palestinarekin Elkartasunak

Israelek Euskal Herriarekin dituen harreman komertzial, kultural zein diplomatikoak mozteko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak. Salatu dutenez, Bizkaian sortu zen BBVA banketxea edota Iparraldean hain azkarra den Credit Agricolek «erantzukizun zuzena» dute palestinarren kontrako genozidioan, urtero miliarka dolarreko inbertsioak egiten baitituzte israeldar industria militarrean. Banketxe bizkaitarrak, erraterako, 1.482 milioi dolar inbertitu ditu Israelgo armagintzan eta Credit Agricolek 6.000 milioi dolar. Iparraldeko industriaren arloan ere, bereziki, Angeluko Dassault eta Hazparneko Lauak multinazionalak seinalatu dituzte.

Patxi Berhouet: «Macronistek eskuin muturra ez kexatzeko moduko gobernua osatu dute»

Europako bozen ondotik, Emmanuel Macronek Frantziako legebiltzarra desegin zuen joan den ekainean, hauteskundeak berriz deituz. Ezkerreko fronte herritarra nagusitu zen, gehiengo osorik gabe. Baina, dimisio pausaturik ere, Gabriel Attalek uda guzia segitu zuen lehen ministro bezala. Ondotik, LR alderdiko Mixel Barnier lehen ministro izendatu zuen Macronek baina zentsura mozioak kanporatu berri du. Orain, François Bayrou lehen ministro berriak, gobernu berria osatu du ministro ohi ainitzekin.

Erlaitzeko bidea gibelatuko dute hainbat gunetan, lanjerrak saihesteko

Sokoa eta Hendaia arteko Erlaitzeko errepidea ez dute epe ertainean zerratuko. Hala ere, hemendik hamar urtera ahuleziak jasan litzaketen sei gune kritikotan, gibelatze obrak eginen dira, itsaslabarraren higaduragatik. Haatik, Sokoatik Juantxo kanpalekura doan zatia hetsiko da, leku horretan topografiarengatik ez baita gibelatze lanik egiten ahal. A63 autobidera buruz daraman bidea erabili beharko da. Ziburu eta Hendaiako auzapezek zerratze horren ondorioen aztertzeko ikerketak galdegin dituzte. Eta prefetak eskaera hori onartu du. 2027an egitekoak litzateke aipatutako obrak. Joan den abenduaren 11an bildu zen gidaritza batzordea.

Baionako ospitalea: CFDT, UNSA, FO eta zuzendaritza, akordio baten bidean

20 milioi euroko defizita aurreikusten du euskal kostako ospitaleak 2025erako. Zilo handia, eta azken urte honetan langileak greban dira behin eta berriz, ekonomiak egiteko lan ordutegia murriztu nahi dielako zuzendaritzak. Azkenean printzipiozko akordio bat lortu dute, bi RTT galduko dituzte baina beste lan baldintzak momentuz atxikitzen dituzte. Akordioa hiru sindikatuk izenpetu dute, CFDT, UNSA eta FOk, CGTk negoziazio mahaia utzi baitzuen. Printzipiozko akordioa da erran bezala, orain izenpetu behar dutena eta ondoko urratsa izanen da sailez sail, ordutegi berriak antolatzea.