Hendaiako Nid Marin egiturako zuzendari ohiak helegitea pausatu du. 2023an, institutu mediko-hezitzaileko hamalau langilek haien zuzendari ohia auzitara eraman zuten. Hainbat urtez, egituraren Higiene eta Segurtasun Batzordearen funtzionamendua oztopatu eta jazarpen morala egitea leporatzen diote. Auzitegiak lau hilabeteko presondegi-zigorra ezarri zion gibelapenarekin, baita 3.000 euroko isuna ere. Zuzendari ohiak ez du onartu epailearen erabakia, eta ostegun honetan zigor horri pausatu dion helegitea aztertuko du Paueko dei auzitegiak.
«Diputatuek hitza jan dute». FDSEA laborari sindikatua kexu agertu da tokiko parlamentarien kontra. Berriki gertatu frantses gobernuaren erortzearekin, «orain arte egindako lan guztia peko errekara bidaltzen dela» salatzen du. Beren hitzetan, aitzinkontuen lege proiektuak «400 milioi euro» aitzinikusi zituen laborantza saila bultzatzeko; horrez gain, zerga apaltzeak, instalaziorako laguntzak edota sasoiko langileendako onurak ere kontuan hartuak izan zirela defendatzen dute. FDSEAren arabera, badu urte bat laborantzaren munduak alarma jotzen duela. Neurri horiek ekainean aurkeztu behar ziren, baina zentsura mozioak dena baztertu suela salatzen du.
Garapen Iraunkorraren labela eskuratu du Bidarteko Estia ingeniari eskolak. Frantziako ingurumenaren ministerioak eta goi mailako ikasketen ministerioak beste hainbat eragilerekin batera onartzen duten labela da eta berrehun bat ingeniari eskoletan lehenetarik dira izendapena eskuratu dutenak. Garapen iraunkorraren alde lan egitea, karbono aztarna neurtzea, eskolak ingurumenean duen inpaktua murriztea... gai guzti horiek eguneroko lan bat galdegiten dute. Bi urteren buruan kontrol bat ukanen dute eta anartean hobetu beharreko puntuak hobetzea izanen dute helburu.
Frantziako Pilota Federakuntzako lehendakaria izanen da laugarrenez Lilou Etxeberria. Zazpi bozkako alde estuarekin gailendu da Stéphane Saint-Laurent oztibartarraren parean, 601 bozkarekin. Iparraldeko Pilota Batzordean izandako kalapitek kalte egin dioten arren, garaileak Xavier Cazaubon FIPVko presidentearen babesa erdietsi du. Federakuntzako batzorde berrian 26 jarleku ukanen ditu Etxeberriaren taldeak eta zortzi Saint-Laurentenak. Azken horrek, federakuntza kudeatzeko beste ikuspegi bat defendatzen zuen, «gobernantza gardenago eta partekatuago» bat aldarrikatuz. Horren aitzinean, FFPBaren «finantzen sendotasuna» erdietsi duela babestu du Etxeberriak, eta performantzia handiko zentro berriaren eraikuntzaren aldeko bere engaiamendua berretsi du.
AHT proiektuaren kontra agertu da Euskal Hirigune Elkargoa, Baionako Arteen Hirian larunbat goizean egin duen biltzarrean. Zehazki, 137 hautetsik bozkatu dute Bil Gaiten talde abertzaleak aurkeztu duen mozioaren alde, hogeik kontra eta 41k abstentziora jo dute. Biltzarra aitzin, ordea, elkarretaratzea egin dute Kanboko Marieniako laborantza lurren defendatzaileek. Eskuorriak banatu dizkiete hautetsiei hirigintza proiektuaren kontra mobiliza daitezen. Momentuz 45 hautetsik izenpetu dute Marieniako laborantza lurren aldeko testua, eta ondoko biltzarraren gai-ordenean gehitua izanen dela hitzeman du Jean René Etxegarai lehendakariak.