Ander Errasti: «Zaila da Carles Puigdemont berriz lehendakari izatea»

Duela astebete alderdi independentista katalanek gehiengoa galdu zuten Kataluniako legebiltzarrean. Ikerketa elektoralek iragarri gisara, PSC alderdia nagusitu zen. Eskuin eta ultra-eskuin espainiarrak ere gorakada ukan zuen. Aldiz, azken lau urteetan gobernuaren gidaritza ukan duen ERC alderdiak gainbehera handia jasan zuen, hamahiru jarleku galduz, eta beraz, Carles Puigdemont lehendakari ohiaren JxCat alderdia gailendu zaio. Gobernua osatzerako tenorean, beraz, oraino ez da argi zein alderdi izanen den akordio azkarrena osatuko duena.

HoBBea, lurraldeko ogi ekologikoa ekoizteko egitasmoa

Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko okin eta gari ekoizleak saretzeko proiektua aurkeztu dute BLE, Biolur eta Hazialdeko elkarteek. Hastetik buru, Euskal Herrian ekoitzi eta kontsumituko litzatekeen ogi ekologikoa bultzatu nahi lukete. Elkarte bakoitzak bere lekua du: alde batetik, BLEk hazien hautaketan parte hartuko du, Hazialdeko elkarteak Nafarroan gaindi diren gari ekoizleei hazi horien ekoizpen saila sustatuko du eta bururatzeko, Gipuzkoako Biolur elkarteko okin taldea ogigintzaz arduratuko da.

Ezkabako presondegi frankistako ihesaldia oroitu dute Urepelen, 'La Fuga' lasterketarekin

86 urte beteko dira bihar Iruñean 795 preso errepublikarrek Europako ihesaldi handiena egin zutela. Aldiz, abantzu 800 iheslari horietarik bakarrik hiruk erdietsi zuten muga trabeskatzea. Seiehun bat berriz presondegiratuak eta zigortuak izan ziren, eta beste berrehun bidean hil zituzten. Gertakari hori oroitarazteko La Fuga lasterraldia egin dute 795 korrikalarik, Ezkaba mendiko kaskotik Urepelera, Jovino Fernandez iheslariak egin zuen bidea segituz. Bukaeran, iheslari guztien omenezko ekitaldia egin dute eta eskultura bat estreinatu dute Amerikanoenia zentroaren kanpoaldean.

Battitta Boloki: «Kanakiarren eta loialisten arteko oreka hautsi du gobernuaren lege proposamenak»

Kaledonia Berriko hautesle-erroldan 25.000 herritar kolono sartzeko lege proposamenak, kanakiarren kexua zapartarazi du. Karrikan hedatu diren protestetan hiru manifestari hil ditu poliziak, armada atera du eta Tik Tok sare soziala debekatu du. Manifestariek gobernuaren eskumeneko zenbait eraikin erasotu dituzte, eta alderdi instituzional independentistek ere istiluak gelditzeko deia zabaldu dute. Kanakiarrek haien herriaren gaineko erabakipena galtzen ari direla salatzen dute, eta gazte independentistek hartu dute mobilizazioen gidaritza.

Zerbitzuen geldialdiarekin mehatxatu du osagarrintza pribatuak

Ultimatuma eman dio Ospitalizazio Pribatuaren Federazioak Frantziako osagarri ministroari. Ospitale publikoen aitzinkontua %4,3 iganen du frantses gobernuak, eta %0,4 bakarrik zentro pribatuena. Horrek haserrea piztu du, eta haien zerbitzuak ekainaren 3tik aitzina gelditzeko mehatxua egin dute osagarrigintza pribatuko ordezkariak. Ipar Euskal Herrian Belharra, Aguilera eta Donibane Lohitzuneko kliniketan luke eragina zerbitzu gelditzeak. Horietan larrialdi pribatuak aste batez zerratuko lituzkete; eta horrez gain, amategiak, ebakuntza gelak eta medikuntza zerbitzuak bi egunez. Kanboko trebatze zentroetan eta klinika psikiatrikoetan aste batez sail guzia blokatua izanen litzateke.