Durangoko azokan aurkeztuko diren Iparraldeko berritasunen artean, Ekaitz Bergaretxeren liburua atzeman daiteke. 'Masusta erreximenta – Abertzale baten bizipenak' liburua argitaratu berri du. Azaltzen duenez, bere bizipen bidez herri zapaldu baten sasiko bizia islatu nahi izan du, herritar xume baten ikuspegitik eta itzaleko borrokalariak argitan emateko. Euskal Herriaren iragana hurbiletik ezagutzeko eta oraina hobeki ulertzeko xedez idatzi du liburua Bergaretxek.
Durangoko Azokako erakusmahaiek 933 berritasun izanen dituzte aurten, hauetan 50 Ipar Euskal Herritik. Abenduaren 5etik 8ra iraganen da 59. azoka, eta iaz baino hamazazpi erakusmahai gehiago izanen dira, hots, 270 baino gehiago. Iparraldetik 32 liburu eta hamabost disko aurkeztuko dira, hauetan Kuartzen azken lana, Mattin Lerissarena edota Maider Zigarroarena. Argitalpenen aldetik Ixabel Etxeberriren haur liburuak edo Ekaitz Bergaretxeren 'Masusta Erreximenta'. Gazteei dei berezia egin nahi die azokak eta haiei zuzendu eguna izango da abenduaren 6koa. Euskal herri osotik 50 ikastetxek ere eginen dute bisita.
Euskal Hirigune Elkargoaren garraio publikoaren sindikatuak Xiberoako konexioak azkartuko ditu. Donibane Garazi eta Atharratze arteko bi linea berri ezarriko dituzte, udako sasoian, Iratiraino helduko dena. 2025ean, gainera, Sohüta eta Garazi lotuko dituen linea berria entseatuko dute. Horrez gain, azken urteetan ukan duen harrera ona dela eta, Atharratze eta Baiona arteko hamaikagarren linea hobetzeko neurriak hartuko dituzte, hala nola, aste barneko maiztasunak handitzea eta asteburuetako zerbitzua irekitzea.
Iker Elosegi hazpandarrak 'Euskal Herriko Fauna Gida' liburua aurkeztu du. Liburu horren xedea lurralde txiki honetan bizi diren animalia basekiko jakin-mina piztea da. Horretarako naturazale jarrera hartzea proposatzen du. Orotara, 150etik gora animalia aipatzen baditu ere, liburua ez da espezie katalogo bat. Animalia horien gaineko jakintza zabaltzera, beste espezie batzuk ezagutzeko gogoa piztera eta bizi garen ingurumena hobeki ulertzeko gakoak ematera dator.
Euskal Herritik Ameriketara jauzi eginen du zesta puntako Jai Alai Ligak. Hamabi pilotalekutan jokatuko dira partidak Euskal Herrian, Pauen eta Floridako Danian. Zortzi slam, hamazazpi master eta bost sailkapen proba izanen ditu aurtengo ligak eta puntuazio sistema ere aldatuko dute. Preseski, Byscaine Cup izeneko masterra Dania Jai Alai frontoi historikoan jokatuko dute, otsailaren 20tik 22ra. Pilotari bakoitzak gehienezko txapelketa kopuru bat izanen du, sailkapena proportzionalagoa izan dadin. Otsailean hasiko dira sailkapen probak.
- Eñaut Etxepareborde: «Agentziek diru gutxi duten bezeroak errefusatzen dituzte. Etikoop-ek, aldiz, zailtasunetan direnei alokatuko die»
- «Justizia euskararentzat» galdegin du EHEk, Baionako auzitegian
- Metaleria saila lanjerran Angeluko Cantau lizeoan
- Baionako urrezko domina eman diote Xarles Bidegain euskaltzainari