Euskaraz eta gaskoieraz izanen da Xarneguko pastorala

 

«Etxe bakoitzean uztartzen dira euskal eta gaskoi kultura; ez da mugarik» halaxe mintzo da Inesa de Gaxenen pertsonaia, Pantxika Urruti errejentak antzezturik. Bi astero Bastidan edo Bardozen elkartzen dira, pastoraleko 105 arizaleak. Euskaraz eta gaskoiez aurkeztuko dute Xarnegu eskualdeko pastorala. Itxaro Bordak euskarazko partea idatzi du, eta Ivan Bareyrek gaskoirerazkoa. De Lancreren garaian, etengabe akusatua baina beti ukatu zuen sorgina izaitea Inesa Gaxenek. Gogorki zigortu zuten, Hondarribitik bidali zuten ontzi batean eta desagertu zen. Ekainaren 15 eta 16an estreinatuko dute Xarneguko pastorala.

Zirtzilak eta dantzariak nagusi igande honetan Baigorrin

Zirtzil eta dantzariek hartu dute Baigorri igande honetan. Aroa lagun izan gabe ere, jendetza hurbildu da Baigorriko gazteek prestatua zuten emanaldia ikusteko. Beste herri batzuetan ez bezala, dantzariek genero gabeko jantzi bereziak sortu dituzte, eta ber logika barneratu dute haien koreografietan. Euskal dantzek aitzina egin dezaten «tradizioa atxiki, baina geroari buruz begiak irekita» izatea baitezpadakotzat jotzen du Oier Araolaza euskak dantzetan adituak. Desmartxa interesgarria iruditu zaio Baigorriko dantzariek landu dutena.

Alex Artzelus: «Garaziko euskalkia ikasteko metodo bilakatuko dut ene doktorego tesia»

Garaziko euskarara aztergai hartu du Alex Artzelus euskal filologoak. Doktorego tesia eskaini dio baxe nafarreraren barne aldaera horri, eta hura baliatzeko metodo bat lantzea du xede. Artzelus bergararra da sortzez, Azpeitian hazi da eta Gasteizen ikasi zuen euskal filologia. Orain, zortziehun orriko tesia gotorra, metodo bilakatzeko xedea du. Horretarako Aitor Arana euskalari nafarrak Zaraitzuko edota hego goi-nafarrera irakasteko egin dituen metodoak hartu ditu eredu. Garaziko mediatekan bere lanaren aurkezpena eginen du martxoaren lehenean, arratsaldeko 18:30etan.

Akitania Berriak 500.000 eurorekin lagundu du Alki kooperatiba

Lantegi berria estreinatuko du Alki kooperatibak agorrilean Larresoron. Gune berriak 10.000 metro karratu ukanen ditu, eta langile taldea bikoiztea ahalbidetuko die. Egun, berrogei langile dira eta 80 enplegatu nahi lituzkete. Horrela, ekoizpenaren heina ere biderkatu nahi lukete, frantses merkatutik nazioarteko jauzi egiteko. Akitania Berriko eskualdeak 500.000 eurorekin lagundu du kooperatibaren hazkunde xedea. Sos zama horrek Larresoroko lantegi berriaren tresneria finantzatzeko baliatuko du kooperatibak.