Neomak taldeak ezarri dio doinua aurtengo Herri Urratsi

Herri Urratsek badu kantu eta bideoklipa. Neomak taldearen eskutik heldu da aurtengo kantua, Nerea Ibarzabal bertsolari bizkaitarraren hitzekin. Izenburuan, bi hitz: 'Hor gaude'. «Kontrako haizeak kolpaturik ere, Beskoitzen bezala, ikastolak beti hor izanen dira». Preseski, Beskoitzeko ikastolaren alde izanen da aurtengo Herri Urrats. «Ortzadarra» lelopean maiatzaren 12an ospatuko da Iparraldeko ikastolen aldeko besta Senperen. ORTZADARRA lema eman diote antolatzaileek.

Integrazio Batzordeak 116.000 euro behar ditu, laguntza publikoen berantari buru egiteko

«Behar bereziko ikasleen laguntzak berantegi heldu dira». Seaskako Integrazio Batzordeak 116.000 euroko zama bildu nahi du, erakunde publikoek finantzatzen ez dituzten laguntzaileak ordaintzeko. Gaur egun, 158 ikasle daude Seaskako integrazio planaren barnean. Integrazio Batzordeko kideek ohartarazi dutenez, Departamentuko zerbitzuek «hamaika hilabeteko epea hartzen dute MDPH laguntzen txostenei arrapostua emateko, legezko epea lau hilabetekoa delarik». Beranta horrek diru laguntzen zama «murritzagoa» izatea eragiten duela gaitzetsi dute. Diru bilketa kanpainaren barnean, martxoaren 17an «jantzi hustea» eginen dute Lakarran eta Itsas Laminen Korrika lasterketa Angelun. Apirilaren 7an, aldiz, Neska Korrika lasterketa izanen da Azkainen.  

Emazteei zuzendu etxe bat bidean, Ipar Euskal Herrian

Emazteen etxe bat eraikitzeko lehen urratsa eman du EBA Emazteen Berdintasunaren Alde kolektiboak. Azken hilabeteetan berrehun emazteren iritziak bildu dituzte egitasmo horrek bete beharko lituzkeen ezaugarriak aztertzeko. Preseski asteazken honetan aurkeztu dituzte galdeketaren emaitzak Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan.

Bea Salaberri: «Borroka armatuaren giroan izan ziren emazteen lekukotasun bat landu nahi nuen»

Bea Salaberri irakasle baxe nafarrak bere lehen eleberria argitaratu du. 'Mesfida zaitez' du izenburua eta, euskal borroka armatuaren laguntza sarean barneratzen den emazte gazte baten bizipenak kontatzen ditu, baina, aldi berean, Euskal Herriko garai politiko jakinetan kokatzen du istorioa idazleak. Txalaparta argitaletxeak karrikaratu du Salaberriren lana. 'Baionak ez daki' ipuin liburua argitaratu zuen 2015ean, eta oraingo liburua Txalaparta argitaletxe nafarrarekin karrikaratu du.

Sei militante gazte atxilotu dituzte Lapurdin

Urruñan, Hendaian eta Baionan izan dira atxiloketak. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak azaldu duenez andeatzeak eta poliziaren kontrako erasoak leporatzen dizkiete sei gazteei. U14 kolektiboak uztailaren 14an antolaturiko manifestaldietan kalte materialak eragin izanaz eta Baionako erretreten erreformaren kontrako istiluetan parte hartu izanaz akusatzen dituzte. Atxiloketak goizeko 6:00ak aldera izan dira, eta Baionako polizia etxera eraman dituzte sei gazteak. Horrez gain, atxilotuen senideek salatu dutenez etxeko ordenagailu eta mugikorrak ere hartu ditu frantses poliziak. Ainhoa Arin atxilotutako bi gazteren amak adierazi duenez, «poliziala judiziala izan da atxiloketen egilea, eta kolpeka sartu dira etxean. Etxea miaturik esku burdinekin eraman dituzte».