Yerai Diaz: «Trump eta Harris aski berdinduta daude inkestetan»

Azaroan iraganen diren Amerikako Estatu Batuetako bozen emaitzek eragina ukanen dute mundu osoan. Buruz buru izanen dira, aldi honetan, alderdi errepublikanoko Donald Trump eta alderdi demokratako Kamala Harris. Berriki izendatu dituzte bi alderdiek beren hautagaiak ofizialki eta Euskal Telebistako Yerai Diaz kazetariak hurbiletik segitu du prozesua. Hark dioenez bi-biek dituzte aukera Etxe Zuriaren gidaritza eskuratzeko, inkestek lehia biziki estua handia iragartzen baitute.

Izturitzeko Artetxeak bere hamargarren urtemuga ospatuko du

10 urte bada, euskarak bere arnasgunea baduela Izturitzen. Artetxea kultur etxea sortu denetik, euskarazko jarduera ezberdinak eskaintzen zaizkie, gehien bat Arberoako biztanleei. Kantua, euskara kurtsoak, yoga, KEB komunikazio ez bortitza edota arte tailerrak, besteak beste. Ibarreko ekoizleen merkatua ere bada orain, ostiral arrats guziez. Lehengo eskola giristinoa aterpetzen zuen «patronaia» hutsari, funtzio berria eman zioten elkartekoek. Ospakizunak abiatuko dira ostiral honetan, agorrilaren 30ean, arratseko 7 orenetarik goiti: mutxikoak lehenik Arberoa txarangarekin, ondotik Tapia eta Leturia bikote mitikoaren kontzertua eta bururatzeko, dantzaldia Andoni Oillokiegirekin.

Elorri Ameztoi: «Udan bereziki, Baionako larrialdiak tentsiopean dira langile eskasiaren ondorioz»

Ospitaleetako larrialdiak «tentsiopean». Azken urteetan larrialdietan langile eskasia badela salatu dute behin eta berriz osagarri langileek. Horrekin batera, hainbat ospitaletan larrialdi zerbitzuak hetsi dituzte zenbait aste edo hilabetez, eta horrek zerbitzuaren gainezka egoera areagotu du. Ipar Euskal Herrian, bereziki, udan egoera are larriagoa da, turismo uhinarekin batera Baionako ospitaleko langileak murrizten baitira. Arta ukaiteko itxaronaldi luzeek pazienteen egonezina azkartu dute, eta horrek egoera bortitzak sorrarazten dituzte. Baionako larrialdietan, adibidez, bi eraso zenbatu dira uda honetan.

Eguzki Urteaga: «Denbora pasatzera utziz, suarekin jokatzen ari da Emmanuel Macron»

Eguzki Urteaga soziologoarekin, Frantziako gobernuaren egoera barnatu dugu. Frantziako lehendakariak ez du oraindik lehen ministro berririk izendatu. Bigarren solasaldi ziklo bat abiatu du eta Ensemble bere alderdiaren inguruko koalizio gobernu baten osatzeko aukerak agortzen ari zaizkiola erran digu Eguzki Urteaga soziologoak, eta V. Errepublikaren «joko-arauak ez ditu errespetatzen ari» frantses presidenteak.

Antzezlan ibiltari bat Bidasoako muga mintzatu dadin

Bidasoa Mintzatuko Balitz proiektuarekin buru belarri lanean ari dira Axut antzerki konpainiako kideak. Antxeta Irratiarekin elkarlanean, Antzerki ibiltaria eskainiko dute dozena datatan irailean. Atzoko eta gaurko mugaren historia kontatzea da xedea. Izan ere, beste garai batzuetan euskaldunek, juduek, espainiarrek edota portugaldarrek ere trabeskatu behar izan zuten muga hori. Argazkilaritza eta soinuaren bidezko ikusgarria izanen da, Gari Garaialde eta Xabier Erkiziaren parte hartzearekin. Emanaldia ibiltaria izanen da, hiru oren iraunen du eta 50 pertsonako talde bati zuzendua izanen da. horrenbestez, aitzinetik ezinbestekoa izanen da izena ematea. Lehen emanaldia buruilaren 14an izanen da.