Baionako Paul Bert lizeoa arraberriturik, 14 milioi euroko lanen ondotik

Osoki berritu dute Baionako Paul Bert lizeoa. 13.000 metro karratuko eremuaren parte bat jada arraberritu zuten duela bost urte, eta egiteke zen partea orain estreinatu dute, obrak bururatu berritan. Lizeoko eraikina XIX. mendekoa da, eta 1842 urte hartan ospitale militar gisa altxatu zuten. 1945ean lizeo tekniko bilakatu zen eta 1985ean CAPtik BTSerainoko ikasketak eskaintzen dituen lizeo profesional.

Lazken Trail, Iparraldeko amaierarik gabeko lehen lasterketa

Ez da holakorik oraino antolatu Ipar Euskal Herrian. Ideia Ipar Amerikatik heldu da eta Lazken Abentura elkarteak bereganatu du. Sei kilometroko ibilbidea asmatu dute Irisarri eta Ortzaize artekoko Antzaramendi eta Ahaizemendin gaindi. Erronka honetan, ahal bezainbat itzuli eman beharko dituzte korrikalariek, oren bateko epean. Oren bakoitzeko erronka gainditzea erdiesten duten lasterkariek, ondoko oreneko desafioan parte hartzen ahalko du. Erronkak, mugagabe segituko du lasterkari bakar bat zutik gelditu arte.

Xiberoako bide eta xendren ondarea ezagutzeko bi hitzordu asteburuan

Asteburu honetan ondarearen egunen kari hainbat hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herri osoan. Aurtengo ondarearen lema nagusia bideak, sareak eta loturak izanen dira. Horri loturik Xiberoan mintzaldi bat emanen du Ikerzaleak elkarteko Filipe Etxegoienek lurraldeko bide, xendra eta zubiez. Xiberoko historiaz bi liburu argitaratu berri ditu, aitzinhistoriatik gaur egunera arte. Eta justuki bere liburuaren berezitasun nagusietarik izan da bide ezberdinen inportantziaren azpimarratzea, baita horien zaintzea ere. Hiru bide desberdin baitziren, kabala bideak, herriko bideak eta errege bideak.

Argi-ilunekin, «euskal herritar sentimendua» indartsu dela dio aurtengo Naziometroak

Hamar herritarretatik 7,8 euskal herritar sentitzen da, eta 6,4 espainiar edota frantziar. Hala dio Telesforo Monzon eLab eta EHUko ParteHartuz ikertaldeak egindako seigarren Naziometroak. Zazpi lurraldetako 1.442 pertsona galdekatu dituzte 2024ko apirilean, horietatik 450 Ipar Euskal Herrian. Emaitza aipagarriena, halere, hauxe da: herritarren %35,2k bozkatuko luke euskal estatuaren alde eta %26,8k kontra, estatuekin «adostutako» erreferendum batean. Haatik, herritarren %25,6 da agertzen da independentziaren alde eta %43 kontra. Nafarroan, gainera, nafar sentimendua gailentzen da Euskal Herrikoaren gainetik; eta horrez gain, euskara ez da euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean euskal gizartean.

Eritasun neurodegeneratiboak dituzten adindunendako unitate berria Garazin

Garaziko osasun etxe publikoak UHR aterpetze unitate indartu berria estreinatu du, Luro zahar-etxean. Hauxe da Ipar Euskal Herriko barnealdean den bakarra. Bertan, eritasun neuro-degeneratibo bat duten pertsona adindunak jasoko dituzte. Orotara, hamalau ohe ireki dituzte, eta egoiliarren estimulatzeko tailer ezberdinak proposatuko dituzte. Gune horretan medikuntza, erizaintza, psikologia eta ergoterapia zerbitzuak bermatuko dituzte. Arduradunek azaldu dutenez, barnealdeko populakuntza gero eta zaharragoa izanik, familia anitzek gisa horretako zerbitzu baten beharra zuten.