Gaskoieraren aldeko ekimenak laguntzeko 25.000 euro banatu ditu Elkargoak

Ipar Euskal Herrian 320.000 biztanletarik 5.000 inguruk mintzatzen edo ulertzen du gaskoia. Hizkuntza egoera biziki larrian da eta diglosia egoera bortitza arindu nahian, Euskal Hirigune Elkargoak De Cap tau Monde! dispositiboaren seigarren edizioa aurkeztu du. 25.000 euro banatuko ditu gaskoiaren eta okzitanieraren laguntzeko. Hezkuntza eskaintza sendotzea da helburuetarik bat. par Euskal Herrian Calandretarik ez bada ere, elebidun saila dute Bidaxuneko eskola publikoan, eta preseski, eskaintza horiu luzatu nahi likete Samatze-Hastingara. Horretarako, orain arte euskararentzat plantan ezarri diren dispositiboak gaskoiarentzat ere baliatuko dituzte, hizkuntza sendotzeko xedez. Elkargoko ordezkarien erranetan, haatik, «helburua ez da euskara edo gaskoia bata bestearen kontra ezartzea» batzuetan euskararen sustapena gaitzesten duten hautetsi zenbaiten eskutik ikusi izan den bezala, baizik eta «zailtasunetan diren hizkuntzak sustatzea». Horrenbestez, Samatze-Hastingako eskola publikoan gaskoi indartua saila irekiko dute heldu den ikasturtean, astean hiru oren okzitanieraz eginez. Bastidako Clarenza elkarteak ere diru laguntzaren parte bat eskuratuko du, hizkuntzaren sustapenarentzat, urtean antolatzen dituen hiru hitzordu diruztatzeko.

Bost salaketa Izpurako eskola publikoan gertatu bortizkeria kasuen harira

Orotara bederatzi lekukotasun helarazi dizkiote Baionako prokuradoreari. Denak 1960 eta 2000 urte artean iragandako bortizkeria kasuka dira, fisikok eta sexualak, eskolaren testuinguruan. Asteazken goiz honetan auzitegira hurbildu direnen artean Gilles Parent. Uztaritzeko San Frantses Xabier ikastetxeko ikasle ohia, berak bultzatu zuen hitzaren askatzea sare sozialetan biktimen talde bat sortuz. Joan den martxoan, ikastetxeetako indarkeriari buruzko ikerketa parlamentarioaren batzordean hitza hartu zuen. Aldi honetan eskola publikoan gertatutakoak ere azaleratu dira. Bea Ardoin Izpurako eskola publikoko ikasle ohia izan zen. Berak eta bere hurbilekoak bizi izan zutena aipatu zuen Euskal Irratietako antenan, baina anonimoki. Geroztik beste lekukotasunak bildu eta publikoki mintzatzea erabaki du. Orotara bederatzi salaketa pausatuak izan dira asteazken honetan, erran bezala bost Izpurako eskola publikoan gertatutakoentzat, Uztaritzeko San frantses Xabier ikastegitik bi, bat Domintxaineko eskolatik eta bat Angeluko Jean Jaurès eskola publikotik. Orain arte bezala, kasu gehienak preskripzio epetik kanpo izateko arriskua bada. Baina Gilles Parent-en erranetan "Helburua da neurria hartuak izatea ez dadin gehiago gertatu, eta biktima estatutua errekonozitua izatea. Jende askok eskatzen dizkit aterabideak psikologo bat ikusteko baina ez dute ahal ekonomikoa." Biktima estatutuari esker osasun artak urririk eskuratzea espero dute. Biktimen kolektiboak hautetsien partetik erreakzio eza salatzen du, haiengandik sustengu hitzak espero dituzte.

Duplom legea batzorde misto parekidean eztabaidatuko da

Duplom legea berriz aztertuko da batzorde misto parekidean. Bertan, zazpi senatarik eta diputatuk legea berrikusiko dute. Lege horrek ur biltegien handitzea eta acetamipride pestizidaren baliapena onartzea ahalbideratuko luke, laborarien traben arintzeko aitzakiarekin. Frantzian, acetamipride pestizida 2018tik debekatua da, besteak beste, intsektu polinizatzaileendako kaltegarri baita.Iparraldean gai horrek eztabaida ere piztu da. Alde batetik, FDSEA sindikatu eskuindar-kontserbadorea lege horren alde agertu da, laborarien lana «sinplifikatzeko» eta Europar Batasunean pestizida hori baimendua den beste herrialde batzuetako ekoizpenen lehiari buru egiteko baliagarri izanen delakoan. Bestetik, Confédération Paysanne eta ELB sindikatuak argiki kontra agertu dira, osagarri mailan eta ingurumenaren alorrean ekarriko dituen kalteen ondorioz.

Gibelatu egin dute Europr Batasunean euskara ofizial izateko bozketa

Gibelatu egin dute Europako Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial izateko eskabideari buruzko bozketa. Espainiako Gobernuak eraman du orain berriro galdea, baina gainerako estatuetako ordezkariak ez dira ados neurriarekin. Neurriak aitzina egiteko aho batez onartu behar dute herrialde guztiek. Euskalgintzaren Kontseiluak bozketa gibelatu izana gaitzetsi du, hizkuntza gutxituen normalizazioa eta biziberritzea laguntzeko aukera bat galdu dela salatuz. Egun, 24 hizkuntza dira ofizialak Europako Batasunean, eta irlandarra da horietarik gutxitua den bakarra.

Alokairu sozialeko etxebizitza sozialak eraikiko dituzte Itsasun

Itsasuko herriko etxeak etxebizitza sozial batzuk ezarri ditu salgai, BRS alokairu erreal solidarioaren bidez. Herritarrek Itsasun berean etxe edo apartamentua erosteko parada izatea da helburua, merkatu libreak onartzen dituen kopuruak baino prezio apalago batean. Nicole Etxamendi Itsasuko axuantak dioenez: «Alokairu erreal sozialaren menpe diren etxebizitzak ez merkeak izanik ere, gaur egungo prezioei konparatuz eskuragarriago den zerbait eskaini nahi diegu Itsasuarrei». T2, T3 edo T4ak ezarri ditu salgai Itsasuko herriko etxeak, Attania eremuan. Etxebizitza sozialak dira, diru sartze mugatu bat duten pertsonei zuzenduak, gaur egun ez baita apartamenturik alokatzeko Itsasun, eta erosteko prezioak ez baitira 500.000 euro baino apalagoak. Baldintza batzuk bete behar dira, horietan garrantzitsuena, diru sarrera muga bat ez gainditzea. Eraikuntza fasea laster hasiko dute eta etxebizitzak 2026ko maiatzerako prest izatea espero dute. Eta ondotik beste proiektu bat ere badu Itsasuko herriko etxeak COL egiturarekin etxe ttipi batzuk eraikitzeko, laster aterako da eskaintza.