Baionako 562. Xingar feria ospatu da ostegun honetan. Amélie Etxepare urepeldarraren 14 kiloko xingarrak eraman du urrezko domina, hemezortzi hilabetez idortzen egon ondotik. Enkanteetan 2.700 eurotan saldu dute. Aurkezpen ederrenaren saria eskuratu zuen iaz laborari urepeldarrak. Lehen aldiko jaso du txapela eta biziki harritua eta alegera agertu zen. Ipar Euskal Herriko 25 xingar lehiatu dira Ezpeleta, Itsasu, Mehaine, Hazparne edo Urruña herrietatik ekarriak. Denak etxean eginak, gehienak familian, aspaldiko ohidura bati segituz. Ostegun goizean epaileak, xingarrak barnetik usaintzen ibili dira, zaldi hezur bati esker, xingarra moztu gabe. Amélie Etxepareren 14,3 gramoko xingarra izan da onena epaileen arabera. Bigarren lekuan, emaitza berarekin, Thomas Latour baionarra eta Pascal Membrède tarnostarra gelditu dira; eta hirugarren lekuan, Daniel Tailleur biarnesa.
Azken urteetan blokeaturik zen EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuari diru gehiago ematearen alde agertu zen Frantziako Hezkuntza Ministeritza. Laster hori defendatuko duela ministeritza guzien arteko bilkuran erran die EEPko hautetsiei baita hemengo hiru senatariei eta hiru diputatuei ere ostegun huntan iragan zen bilkuran Parisen. Horrez gain, irakaskuntza mailan aitortu zuen brebetako zientziak euskaraz bakarrik Seaskako ikasleei mugatzeak ez zuela zentzurik. Arauak aldatuko dituela beste sail elebidunei orokortzeko erran zuen. Baxoari dagokionez, konplikatuago ikusten zuen berehala aldatzeko baina landu nahi duela erakutsi die hemengo ordezkariei ministeritzak. Azkenik, hirialdean, elebidunaren irakaskuntza zabaldu behar dela ere azpimarratu zuten ministeritzatik.
EGI Euzkadi Gaztedi, EAJko gazte taldea Hego Euskal Herrian jadanik plantan bada ere, Ipar Euskal Herrian talde baten sortzeko nahia agertu zaie. Iparraldeko gazte problematikei eta ideien partekatzeko xedea dute. Lurralde honetan engaiatu nahi duten gazteentzat zuzendua dela diote kideek. Arlo ezberdinak tratatzeko nahia dute, hala nola, lurralde erresiliente eta berriztagarri baten sustatzea, izan dadin, ekonomikoki edota sozialki eta ingurumenari lotutako gogoetak egitea. Bestalde, gazteak Euskal herrian lan egiteko eta bizi daitezen beharraz eta euskararen erabilpenez ere solastatu nahi dute. Talde berriaren aurkezteko eta ofizializatzeko, Baionako Moma jatetxean egun bat antolatzen dute EGIko kideek. Bertan, 11ak eta 30tan mahai inguru bat izanen da Herrigintza eta instituzioetatik haratago gaia hartuz, Aitor Esteban EBBko buruak, Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko buru ohiak eta eta Aitana Agirre Europako hauteskundeetako hautagai ohiak emanik. Ondotik, besta egiteko parada izanen da.
'Gernika Batailoia. Askatasunaren Ametsa' liburua aurkeztu berri du Gernikan Franck Dolosor kazetari eta idazleak. Bigarren Mundu Gerla Europan amaitu zenetik 80 urte betetzen direla eta, omenaldi moduan argitaratu du lana, euskaraz, Pamiela argitaletxearen eskutik. Gernika Batailoia Frantzia askatzen lagundu zuen euskal borrokalarien taldea izan zen. 1945eko apirilean Pointe de Graven Alemaniako azken soldaduei aurre egin zien. Liburua idazteko, Dolosorrek lehen aldiz argitaratu diren argazki, agiri eta lekukotasunak bildu ditu. Ez da, ordea, lehen aldia kazetari senpertarrak gai hau jorratzen duena: 2015ean, Iban Gonzalez zuzendariarekin batera, brigada honi buruzko dokumentala egin zuen. Oraingo lana, bere hitzetan, dokumental horren segipena da. Kazetariak azpimarratu duenez, testigantzak biltzean gaur egungo munduaren egoerarekin paralelismoak egitea ezinbestean agertu zaio.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugerren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin. Aurten, aste osoan zehar bestelako ekimenak antolatu dituzte Xiberoako beste elkarte zenbaitekin batera, hala nola, Barkoxeko errugbi taldearekin edota Xiberoako talde feministarekin.
- Herrietako bozetan, parekotasuna bermatu beharko dute herri txikiek ere bai
- Gazteak informatzeko eta prebentzioa egiteko foroa iragan da Donibane Garazin
- Miriam Urkia: «Euskararen Erreferentzia Corpusarekin, egungo euskararen argazkia izatea dugu xede»
- Intersindikalak deialdi bateratua iragarri du Maiatzaren Lehenerako, Baionan