Berezkoen txapela irabazi dute Espinal eta Sanchez pilotari nafarrek

Berezkoen A mailako txapelketaren finala irabazi dute Iker Espinal eta Luis Sanchezek 40 eta 38 Mathieu Ospital eta Peio Gixanduten kontra Baionako Moderno trinketean. Bigarren txapela proba horretan jantzi du Sanchezek eta lehenbizikoa Espinalek. Partida untsa abiatu zuten Ospital eta Gixandutek 11 eta 4. Ondotik goi nafarrak iratzartu dira tanto ainitz lerrokatuz 21 eta 15 aitzinean izaiteko. Gero Ospital eta Gixandut gibeletik etorri dira eta aitzina ere hartu dute markagailuan 32 eta 27. Baina partida hobeki bukatu dute nafarrek.

Marieniako lurretan barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an

Barazkiak landatuko dituzte maiatzaren 17an Marieniako lurretan. 50 bat pertsona bildu dira asteazken honetan Kanbo eta Itsasu arteko lurretan, berriz ere laborantzako lurren defenditzeko. Lurra itzuli dute barazkien landatzeko eremua prestatzeko gisan. Azken auziak galdu ondotik, mobilizaturik egon nahi dute militanteek. Hirigintza planoaren kontrako lehen auzia eta dei auzia galdu zituzten, baina kasaziora jo dute. Arrapostuaren beha badira beti, erabaki dute hala ere Elkargoaren abokatuen argumentuen salatzea. Laborariek eta herritarrek ez dute onartzen erran dezaten Marieniako lurrak ez direla laborantzarako baliatzen eta ez direla horretarako on. Horren kontra egiteko, froga gisa, barazkiak landatu nahi dituzte maiatza erditsutan.

 

Brebetaren zientzietako froga euskaraz egiten ahalko da, sare pribatu zein publikoan

Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du". Ostiral goizean bildu ziren EEPko arduradunak, errektorea eta parlamentariak, eta bilkurak emaitza baikorrak eman zituen. Bilera horretan jakinarazi zuten aurten zientzietako brebet azterketa euskaraz egiteko aukera eskola eredu guztietara zabalduko dela. Orain arte Seaskako ikasleek baino ez zuten aukera hori; hemendik aurrera, eskola publikoetako zein eskola pribatu katolikoko ikasleek ere euskaraz egin ahal izango dute proba. Gainera, errektoreak proposatu du elebitasuna eskaintzea Baionako hiru eskola publikotan. Hain zuzen, Citadelle, Cavailles eta hirugarren eskola batean gurasoei galdetuko zaie elebitasunaren aldekoak diren ala ez. Errektoreak nabarmendu du elebidun eta murgiltze sailek "emaitza hobeak" ematen dituztela. Baxoari dagokionez, EEPk eta tokiko hautetsiek eskatu diote errektoreari tokiko hizkuntzen ibilbide berezi bat sortzeko aukera azter dezala. Helburua da, adibidez, matematikako eta ahozko handiko probak zati batean euskaraz egiteko aukera ematea. Hala ere, Jean Marc Huart errektoreak azaldu du baxoaren gaia Hezkuntza Ministerioaren esku dagoela. Dena den, Antton Kurutxarri baikor agertu da bileraren ostean: "Parean ukan dugu gizon bat dosierra ezagutzen duena eta prest dena lanean hartzeko", adierazi du.

Dantxarinearat doazen autoek ezinen dute Ainhoako erdigunea trabeskatu

Ainhoako desbideratzearen dosierra luzaz eztabaidatu da herriko etxeak antolatu duen bilkura publikoan. 120 herritar inguru bertaratu dira Mizel Ibarluzia auzapezaren proposamena entzuteko, eta Ainhoa erdialdeko usaiako trafiko kopurua apaltzeko proiektua. Ariketa konplikatua ukan du auzapezak, alde batetik, Dantxarinera joan-jina egiten duten turistak ezinbesteko baitira Ainhoako merkatarientzat; eta bestetik, herritarrak aseak baitira autoen emari geldiezinarekin. Udaberri honetan herriko etxeak manatu azterketa batek dionez, egunero, bataz beste, 3.500 autok zeharkatzen dute erdialdea, udaz kanpoko eta horietarik ehuneko hogei baino ez dira herritarrak. Borna edo burdin-muga batzuk ezarriko dira, zenbait orenetan, kanpoko autoak sar ez daitezen Ainhoa erdialdera

Asier Urbieta: «Emozioaren bitartez, jendearen kontzientzia astindu nahi dugu»

Bidasoa zeharkatu nahian 2021etik zendu diren sei migratzaileen istorioetan oinarritua da Asier Urbietaren Faisaien Irla filma. Suedian Gotenburgoko festibalean, Espainian Malagan eta gurean Donostiako Giza Eskubideen jaialdian estreinatu ondotik, Baionako Doketan Topan izanen da ostiralean filma, heldu den astean zine geletara iritsi aitzin. Filmak, tentsio goreneko sekuentzia batean, galdera etiko bat egiten die pertsonaiei eta ikusleei ere. Sambou Diaby eta Jone Laspiur aktoreak dira protagonistak, eta filma Euskal Herri osoan aldi berean estreinatuko da zine geletan heldu den astean. Horren kari, hainbat hitzaldi antolatuko dituzte Ipar Euskal Herriko zine geletan, ostiral honetan 21:00etan Baionako Atalanten, eta larunbatean 20:30tan Donibane Lohizuneko Le Selecten.