Sylvie Garat: «GAL aferan, frantses poliziaren inplikazioa eta gobernuaren isiltasuna ikertu gabe gelditu da»

«GAL: Au nom de la raison d'état» dokumentala aurkeztu du Sylvie Garat filma egileak. Espainiako Gobernuak 1980ko hamarkadan GAL taldearen bidez egindako gerra zikinaren inguruko ikerketa sakonaren emaitza da lan berria. Garatek hainbat biktima, militante abertzale, politikari eta funtzionario frantses elkarrizketatu ditu, baita bi aldeetako epaileak ere, gertakari haien konplexutasuna eta ondorioak argitzeko asmoz. Dokumentalak, 52 minutuko iraupena du, eta martxoaren 20an aurrestreinatuko dute Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan. Ekoizpenak GALen jarduerak estali zituzten mekanismo politiko eta juridikoak aztertzen ditu, egia historikoa argitara ateratzeko asmoz.

Lau urtez promotoreen erasoak jasan ditu Akotzen bizi den Baptiste D’Alemanek

Akotzeko auzoan, Lafitenia hondartzaren gainaldean itsasoak eta hondartzak osatzen duten zirkulu arkua begipean du goizero Baptiste D’Aleman musikariak. Gune horretan kanpin ohi batean den apartamendu bat alokatzen du 2016tik. Promotoreek kanpina erosi aitzin izenpetutako kontratu batek babesten du Baptiste D’Aleman eta hainbat helegiteren ondotik justiziak bere alde egin zuen. Baina 4 urteko bataila luzea izan dela erran digu: «Promotoreak nire usatzen saiatu dira iritsi ziren mementotik, egiazko gerla juridiko eta humanoa izan da. Nere egurra lapurtu didate, nire scootera. Gauaz etortzen zen gizon bat elektrika moztera, eta oihuka egitera, ni kanporatzeko». Baptiste D’Alemanek ez du inoiz bortizki erantzun. Sekulan ez du berantarekin pagatu bere alokairua. Azkenean 2028 arte luzatu dio bere alokatze kontratu justiziak. Anartean beti han bizi da argindar eta urik gabe momentuko baina Donibane lohizuneko herriko etxeak bere gain hartuko ditu hainbat lan eta elektrika eta uraren berriz plantatzea. Musikariak ez du amore eman urte luze hauetan, bere osasun eta aurrezkiak ezarri ditu bataila horretan. Gaur egun protomoreak legezko likidazioan dira. Lekua erosiko duten ondoko jabeekin zentzua duen proiektu bat sortzeko xedearekin da Baptiste d’Aleman.

Kike Amonarriz: «Beste hizkuntza minorizatuetan ez bezala, euskaraz gehien ari direnak haurrak dira»

Euskararekiko sentsibilizazioaren inguruko egitaraua aurkeztu berri du Plazara kooperatibak, Urruña, Donibane Lohizune, Hendaia eta Ziburuko herriekin bai, ere Hiri Elkargoarekin batean. Martxoaren 16tik 30erat hamar hitzordu proposatuko dizkiote publiko zabalari; denak urririk. Alde batetik mintzaldiak emanen dituzte, bertzeak bertze Michel Feltin-Palas kazetariak, Paula Kasares antropologoak, Philippe Blanchet unibertsitateko irakasleak, Kike Amonarriz soziolinguistak, Xan AIRE Plazarako kideak eta Elorri Garatek. Bertzaldetik, deskubrimendu tailerrak, irakurketak, topaketak, ikusgarriak ere izanen dira. Hamar hitzordu hauek euskara ardatz izanen dute, konparazione: haurrak etxeko lanetan laguntzea, gurasoen rola, haur eta gazte literaturaren eta eskolaz kanpoko jardueren garrantzia. Kike Amonarriz soziolinguista martxoaren 20an gomitatu dute, Urruñako herriko etxerat, arrastiriko 18:00etan, “Gurasoak, haurren eredu eta euskararen sustatzaile” izeneko mintzaldiaren emateko.

Arrazismoaren kontrako giza-katea Baionan, Marengo eta Pannecau zubien artean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitzen dute, arrazakeriaren eta faxismoaren kontra, «Borrokaren tenorea orain da» lemapean. Protestak Frantzia osoan iraganen diren elkarretaratzeekin batzeko xedea badu ere, ipar Euskal Herrian eskuin muturreko ideien gorakadak sortzen duen kezka nabarmendu nahi du deialdiak. Giza katea 17:00tan iraganen da Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean.

Uztaritzeko mediateka berriaren proiektua aurkeztu dute

Uztaritzeko mediateka berria, herritarren kulturarako gosea asetzeko proiektua. Herriko etxeak mediateka berria izanen den eraikinaren lehen irudiak erakutsi ditu. 915 metro karratuko guneak Lota jauregia inguratuko du, parkean kokatuko da. 21.000 liburu eskainiko ditu, hauetan euskarazko 2.500 dokumentu. Horrez gain, ludoteka, espazio digitala edo ikusgarri gela bat ere. Kasik lau milioi euroko aitzin kontuaren %70 diruztatuko dute erakunde publikoek. Obrak udaberri honetan abiatuko dira, eta bi urtez luzatuko dira gutienez.