Oztibarre, Iholdi, Amikuze eta Hazparne hunkitu ditu berriz ere behien eritasun hemorragiko epizootikoak. Eritasuna ulitxa batek hedatzen du, eta iragan urtean azkarki kolpatu zituen Ipar Euskal Herriko behi hazkuntzak. Kabalen heriotzek eta artatze gastuek galera are handiagoak sorrarazi zizkien jada idortearengatik ahulduriko etxaldeei. Oraino eritasunari buru egiteko txertorik ez bada ere, marexalen arabera aurten ez da iaz bezain egoera larria izanen, behien immunitatea azkartu delako. Haatik, ez da eritasun hau arrangura pizten duen bakarra. Izan ere, mihi-urdinaren eritasuna Belgikatik Euskal Herrira hedatzeko mehatxua ere baita. Azken horrek behi, ardi eta ahuntzei eragiten die, eta txertoa batekin buru egiten ahal zaio.
Bi urte pasa dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerla abiatu zenetik. Beste elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde anitz bezala, Misja Medyczna Fundazioak Ukrainari laguntza ekartzen dio ekonomikoki eta materialki. Profesionalen eta partikularren erremedioak eta bestelako puskak biltzen ditu gerlan den herrialde horretara garraiatzeko.
Uztaila osoan barna Euskal Herria trabeskatu duen espedizioa bururatu da jada. Euskal lurraldeko eta diasporako 160 gaztek parte hartu dute aurtengo edizioan, Atharratzetik Getxora. Herrialde desberdinetako gazte euskaldunen arteko harremanak azkartzea eta muga administratiboak sorrarazten dituzten «muga kulturalak» gainditzea ukan dute xede berriz ere.
Agorril osoan iraganen da aurten ere Donostiako musika hamabostaldia. 85. edizioa izanen da aurtengoa eta nahiz eta hitzordu gehienak Donostian diren Gipuzkoako beste herri batzuetara ere hedatuko dira, baita Lapurdira ere. Federico Garcia Lorca idazlearen figura goraipatuko dute emanaldi berezi batzuetan, horietarik bat Senpereko Larreko gelan izanen da. Sartzeak erosten ahal dituzue quincenamusical.eus webgunean.
Irungo Hiriko Bandaren doinupean, espainiar agintetik frantsesera iragan da asteazken honetan Konpantzia edo Faisan uhartea. Sei hilabetero egiten da aldaketa 1901e urtetik. Uhartearen kudeaketa Pauline Potierren esku izanen da; azaldu duenez, lur horren balio sinbolikoaz gain, uraren kudeaketa ere hartzen du akordioak barnean. Heldu diren sei hilabeteetan, Hendaiako herriko etxeak zaindu beharko du beraz uhartea.
- Kabalek hartu dute aurten ere Garruzeko plaza
- Pantxix Bidart: «Fikzio historiko bat idatziko dut 60. hamarkadako Hazparnen kokatua»
- “Barneko Galderak” olerki liburua argitaratuko du Xerar Urrutia urruñarrak
- Pako Aristi: «Uztapide eta Xalbadorren arteko adiskidantzaren kronika da eleberri gisa irakurri daitekeen liburu hau»