«Ardiek erakutsi didate nola bizi eta hausnarra nola egin»

Egungo artzain baten gogoetak izkiriatu ditu Josebe Blancok 'Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain' liburuan. Duela bederatzi urte artzain ezarri zen Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta etxaldean, eta bere egunerokotasuna kontatu nahi izan du liburu horren bidez. Artzaintza estensiboaren inportantzia eta onurak ditu hizpide, mundua ikusteko eta ulertzeko laguntzen duen lanbide bat dela argudiatuz.

Enpresari gazteak bultzatzeko GALT berria Xiberoan

CLEJ-GALT Bederatzü sortu dute, bederatzigarren gazteen aurrezkirako lekuko taldea. Gotaine-Irabarneko ODACE egituraren egoitzan aurkeztu dute egitasmoa. Talde hauek interesik gabeko maileguak eskaintzen dizkiete enpresa bat sortu, berrartu edo handitu nahi duten 36 urtetik azpiko enpresariei; eta bidenabar, aurreztearen aldeko dinamika bultzatzea dute xede. Lehen GALT-a 2000 urtean sortu zenetik, 262.000 euro inbertitu dira Xiberoako enpresari gazteak laguntzeko, eta orotara 75 proiektu bultzatu dira. GALT bakoitzean, oro har, 180 euroko ekarpena egiten duten 250 pertsona inguru parte hartzen dute, dinamika bururatzean, beren inbertsioa berreskuratzen dutenak.

 
 

«Oraindik ez da garbi zein hizkuntzatan idatzia den Irulegiko Eskuko testua»

Irulegiko Eskua aztergai ukan dute hainbat ikerlarik azken hilabeteetan, eta azken lanen ondorioek Euskal Herria inarrosi dute. Izan ere, adituen arabera oraino ezin da frogatu Irulegiko testu baskonikoa euskara historikoarekin edo bestelako hizkuntza batekin loturik duenik. Ondorio horiek Fontes Linguae Vasconum aldizkarian eman dituzte argitara hainbat ikerlarik. Preseski aldizkari horren editore eta euskal filologiako doktorea den Ekaitz Santazilia izan da Goiz Berri saioko gomita.  

Konpostagailuak kitorik banatuko ditu Bil Ta Garbik

Barazkien zurikinak, arroltze kuskuak edo apairuen hondarrak… Urtarrilaren lehenetik baitezpadakoa da hondarkin organikoak konpostatzea Ipar Euskal Herrian. Azken neurketen arabera, herritar bakoitzak 70 kilo hondarkin organiko sortzen ditugu urtean, izan ere, gure zikinontzien %26 osatzen dute sukaldeko hondarkinek. Bil Ta Garbi sindikatuak konpostagailu indibidualak eta kolektiboak urririk eskainiko ditu, haien baliapena sustatu eta garatzeko. Gaur egun 130 konpostatzeko gune ezarri dituzte, baina bi urteren buruan mila izatea aitzinikusi dute.

 

Laborantza biologikoa bultzatzeko 220 milioi euro Akitania Berrian

Akitania Berriko eskualdeak 2023-2027 urte bitarteko Bio-ituna izenpetu du. Frantses gobernua eta ur agentziak biltzen ditu itun berrituak, eta bost ardatz nagusi zehaztu dituzte: pestizidarik ez baliatzea, animalien ongizatea, uraren kalitatea, bioaniztasuna, kalitatezko elikadura eta aldaketa klimatikoa saihestea. Diru laguntza horien bidez, beraz, etxalde biologikoen azpiegiturak hobetzea proposatuko dute, baita laborantza lizeoetako biologikoaren sailak biderkatzea ere. Horrez gain, hezkuntza zentroetako kantinetan elikagai biologikoak baliatzea bultzatuko du Bio-itun berriak.