Hartzaro festibalak bere 28. edizioa ospatuko du otsailaren 2tik 13ra. Hamar egunez, hamarnaka hitzordu izanen dira Uztaritzen: kaskarotak, ganixak, tutak, txilindron txapelketa edota astearte gizena.
Hartzaro festibalak bere 28. edizioa ospatuko du otsailaren 2tik 13ra. Hamar egunez, hamarnaka hitzordu izanen dira Uztaritzen: kaskarotak, ganixak, tutak, txilindron txapelketa edota astearte gizena.
'Apaiz Kartzela' dokumentala Donibane-Lohizuneko zineman eskainiko dute. Ritxi Lizartza, David Pallarès eta Oier Aranzabalek zuzendutako lan horrek 1968-1976 artean Zamorako kartzelan preso izan ziren lau apaizen lekukotasunak biltzen ditu, egun hutsa den eraikinera itzuliz. Presondegi horretan izan ziren apaiz horietako batzuk hamar urtetik gorako zigorrak ukan zituzten, haien sermoietan frankismoa salatzeagatik.
FDSEA sindikatuak bideak blokeatu ditu, frantses gobernua mugiarazteko xedez. Besteak beste, Europako Batasunak klima krisiari buru egiteko ezarri dituen baldintza gero eta zorrotzagoak sortu du FDSEAko laborarien kexua. Erraterako, laborantza lurren %4 lugorrian atxikitzeko, edota zerri nahiz hegazti etxalde handien CO2 isuriak murrizteko neurriak gaitzetsi dituzte. Prezioen gaiari dagokionez laborantzako erregai gorriaren gaineko zerga emendatzea, PAC laguntzen beranta eta EGALIM legearen ez aplikatzea salatzen dute. Ipar Euskal Herrian, Baionatik Bordelera bidean, A63 autobideko Hubert Touya zubia oztopatu dute eta blokeoa Grand Basque auzoko biribilgunera arte luzatzen da. Protestak aste honetan zehar luzatuko dira hainbat lekutan, eta ekintzak datozen asteetan biderkatuko dira Parisko Laborantza saloira arte.
Bizkaiko golkoan arrantzatzea debekaturik izanen da otsailaren 20ra arte. Ordura arte, kaian goaitatu beharko dute zortzi metro baino gehiagoko arrantzontziek. Neurri horren bidez, izurdeen ernalketa garaia babestu nahi luke frantses gobernuak. Arrantza tradizionaleko arrantzaleek, ordea, neurriaren «zentzugabetasuna» salatu dute pelagiko eta hondasareko arrantzontzien ber zakuan sartu baitituzte. Haatik, azken horiek izanen dira gobernuaren diru laguntza gehien jasoko dutenak. Izan ere, enpresa bakoitzaren irabazien araberako %80eko kalte ordaina eskainiko du Parisek. Heldu diren bi urteetan ere debeku hori errepikatuko dela aitzinikusten da.
Bateragune auzia ez da errepikatuko. Hala ebatzi du Espainiako Konstituzio auzitegiak, Auzitegi Gorenak galdegindakoaren kontra. Prozesu horren bidez Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko kideak sei urtez espetxeratu zituzten. Haatik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak auzi horren epaia 2020 urtean baliogabetu ondotik, auzia errepikatzeko desmartxa abiatu zuen Auzitegi Gorenak.