Herria Ta Kultura (HTK) elkarteak eta Aviron Bayonnais Trailek Suhuskune Trail lasterketa berreskuratu zuten 2023an, eta 2024ko edizioa abuztuaren 31n egingo da. Bi ibilbide eskainiko dira: bata 21 kilometrokoa, 1.100 metroko desnibel positiboarekin, eta bestea 13 kilometrokoa, 550 metroko desnibelarekin. Ibilbideek suhuskuneko, Iholdi eta Landibarreko mendixkak zeharkatuko dituzte. Gainera, 13 kilometroko mendi-ibilaldi bat ere antolatuko da. Aurtengo berritasun gisa, Skyrhune lasterketarako sailkapena erdietsi ahal izanen da, eta igoera kronometratu bat ere izaznen da. Parte-hartzaileak lasterketa amaitzean herritarrekin batera besta giroan murgiltzen ahalko dira.
Azaroan iraganen diren Amerikako Estatu Batuetako bozen emaitzek eragina ukanen dute mundu osoan. Buruz buru izanen dira, aldi honetan, alderdi errepublikanoko Donald Trump eta alderdi demokratako Kamala Harris. Berriki izendatu dituzte bi alderdiek beren hautagaiak ofizialki eta Euskal Telebistako Yerai Diaz kazetariak hurbiletik segitu du prozesua. Hark dioenez bi-biek dituzte aukera Etxe Zuriaren gidaritza eskuratzeko, inkestek lehia biziki estua handia iragartzen baitute.
10 urte bada, euskarak bere arnasgunea baduela Izturitzen. Artetxea kultur etxea sortu denetik, euskarazko jarduera ezberdinak eskaintzen zaizkie, gehien bat Arberoako biztanleei. Kantua, euskara kurtsoak, yoga, KEB komunikazio ez bortitza edota arte tailerrak, besteak beste. Ibarreko ekoizleen merkatua ere bada orain, ostiral arrats guziez. Lehengo eskola giristinoa aterpetzen zuen «patronaia» hutsari, funtzio berria eman zioten elkartekoek. Ospakizunak abiatuko dira ostiral honetan, agorrilaren 30ean, arratseko 7 orenetarik goiti: mutxikoak lehenik Arberoa txarangarekin, ondotik Tapia eta Leturia bikote mitikoaren kontzertua eta bururatzeko, dantzaldia Andoni Oillokiegirekin.
Ospitaleetako larrialdiak «tentsiopean». Azken urteetan larrialdietan langile eskasia badela salatu dute behin eta berriz osagarri langileek. Horrekin batera, hainbat ospitaletan larrialdi zerbitzuak hetsi dituzte zenbait aste edo hilabetez, eta horrek zerbitzuaren gainezka egoera areagotu du. Ipar Euskal Herrian, bereziki, udan egoera are larriagoa da, turismo uhinarekin batera Baionako ospitaleko langileak murrizten baitira. Arta ukaiteko itxaronaldi luzeek pazienteen egonezina azkartu dute, eta horrek egoera bortitzak sorrarazten dituzte. Baionako larrialdietan, adibidez, bi eraso zenbatu dira uda honetan.
Eguzki Urteaga soziologoarekin, Frantziako gobernuaren egoera barnatu dugu. Frantziako lehendakariak ez du oraindik lehen ministro berririk izendatu. Bigarren solasaldi ziklo bat abiatu du eta Ensemble bere alderdiaren inguruko koalizio gobernu baten osatzeko aukerak agortzen ari zaizkiola erran digu Eguzki Urteaga soziologoak, eta V. Errepublikaren «joko-arauak ez ditu errespetatzen ari» frantses presidenteak.