Bi egun itsasoan, mikroplastikoen kutsadura zertan den jakiteko

Plastikozko 25.000 kilo bolatxo isuri zituen Galiziako kostaldean Toconao itsasontziak abendu hastapenean. Ordutik, kutsadura horrek euskal kostaldean ukan dezakeen eraginari aitzina hartzeko, Euskal Hirigune Elkargoa eta Eusko Jaurlaritza erne ezarri dira. Elkargoak, erraterako, segipen zelula bat abiatu du berriki. Momentuko, Bizkaiko golkoan ez da plastikozko bolatxo anitz ikusten. Hala baieztatu dute Itsas Geroa elkarteko kideek. Joan den astean, bi egunez, alde batetik bestera trabeskatu dute itsasontziz euskal kostalde osoa. Beatrice Elizalde elkarteko kideak azaldu duenez «mikro-plastikoak ez dira ikusten, eta beraz oraino zailagoa da garbitua izaitea». Gainera, kutsadura uraren zikloan sartzearen lanjerraz ohartarazi dute. Elizalderen hitzetan, «kutsadura hau eragiten duen sistema kapitalista elikatzeari utzi behar diogu».

Maite Idirin kantaria zendu da

80 urterekin zendu da euskal kantagintza berriko ahots erreferenteenetako bat. Maite Idirin Ugaon (Bizkaian) sortu zen 1943 urtean, baina bere biziko urte gehienak Angelun eman zituen. Bereziki, 1970 hamarkadaren atarian ekin zion bere ibilbide artistikoari, usu, Hego Amerikako herri kantagintzaren eraginpean, musika eta poesia uztartuz.Preseski, Atahualpa Yupanki euskaraz (1968) izan zen bere lehen lana. Bere ibilbidearen azken urteak, haatik, musika klasikoari eskaini zizkion. 2014an, Ohorezko euskaltzain izendatu zuten Idirin, euskararen eta euskal kulturaren alde egin lana balioan emanez.

Peio Ospital (kantaria):

Paulo Iztueta (idazlea):

Abiatu da Maskaraden sasoia, Pagolan

Arrakasta izan du Pagolako lehen maskaradak. Zeru urdin eta eguzkitsu batekin jende ainitz hurbildu zen Euskal Herri osotik. Goizeko barrikadekin hasirik, herri bazkariko leku guztiak bete ziren, eta arratsaldeko emanaldian ere jendeak ez du aspertzeko denborarik ukan. Izan dantzari, xorrotx ala beltzek denek txalo zaparrada bildu dute. Etxekoa eginik, orain apirila bukaera arte herriz-herri ibiliko dira pagolarrak. Bigarren hitzordua heldu den igandean izan da Ezpeizen.

Itsasuko gereziaren sor-marka, bide onean

Euskal sagarnoaren mugaz gaindiko sor-markaren ondotik, Itsasuko Gereziak hartuko du orain lekukoa. Xapata elkarteak 2014ean abiatu zuen Ipar Euskal Herriko gerezi moten ekoizpena balioan emateko desmartxa. Jatorrizko izendapena erdiesteko, ordea, ekoizpen horren balio kultural eta tradizionala frogatu behar da. Hori dela eta, egiazko historialari lana egin behar izan dute. Artxibategi eta herriko etxeetan atzeman dituzten agiri zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Horrez gain, tokiko gereziondo espezieen azterketa egin dute Iparralde osoan, eta horri esker, sor-markaren eremua 66 herrietara zabaldu dute. INAO erakundeak lehen txostena aurten onartuko dutela uste dute. Sor-marka sortzeko, aldiz, beste lauzpabost urte beharko dira.

 

Baikor eta erronkez beteterik abiatu du urtea EHLGk

Iazko urtearen bilan baikorra egin du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak. Abantsu 600 txosten bultzatu dituzte iaz, laborarien diru laguntza eskaerak edota instalazio proiektuak laguntzeko. 2022an baino %11 gehiago. Horrez gain, iaz, Oztibarre, Xiberoa eta Larhun inguruko mendiko lurren diagnostikoa egin dute, eta Elkargoaren hirigintza planaren garapenean parte hartu dute. Berri nagusia, aldiz, Euskal Sagarnoaren eta Itsasuko Gereziaren sor-marken egitasmoen arrakasta izan da. Lehena laster abian izanen da, bigarrena bide onean.