1690an argitaratu euskarazko otoitz-liburu bat atzeman dute Frantziako Châlons-en-Champagne herrian. Ganer huste batean egin du aurkikuntza bertako liburuzain batek. Marinelei zuzendu «debozio liburu» hori, lehen aldiko argitaratu zen 1635an, Sarako Joanes Aranburu apezak idatzia. Gaur egun, sei edo zazpi ale besterik ez dira gelditzen munduan. Baionako liburutegian holako bi dituzte. Liburuzainak Baionako mediatekari eskaini dio bere aurkikuntza. Ez da oraindik jakina noiz iritsiko den iparraldera.
Hasi berri diren 20 proiektu diruztatuko ditu Euroeskualdeak. Urtero bezala, 2015 urtetik, deialdi baten ondotik hogei proposamen atxiki dira, denak mugaz gaindiko elkarlana dutelarik mamian. Euskal ihauterien berpiztea, hiru eskubaloi talderen trukaketa edo hizkuntz-oporren antolatzea familientzat besteak beste. Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko hiritartasun saileko misio kargudunak azaldu duenez, orotara 500.000€ banatu dituzte aurten hogei proiekturen artean, Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko elkarlana sendotzeko.
Astelehen honetan Suhuskuneko eliza jendez bete da Ttale Ouret artzainari azken agurra egiteko. Sortzez, Suhuskunekoa zen, eta 83 urterekin pausatu zen joan den ostegunean. Elizako bida hartu zuen gaztetan baina 70 garren hamarkadan, laborarien eta bereziki artzain soilen eskubideen alde militatzen hasi zen, hortik gero artzain bilakatu zen. Euskal irratietan larunbat oroz artzainen berriak helarazten zituen bere iratiko etxolatik, eta Irulegiko irratiko laguntzaile handia izan zen.
Aurten, Jaizkibel Konpainiaren Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariak hamar urte beteko ditu. Hondarribiko Alardean parte hartu nahi duen talde parekidea da Jaizkibel Konpainia eta, sari horrek genero berdintasuna eta arrazakeriaren kontrako borroka txalotzen du. Aurtengo epaimahaikideak Nieves Alza, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte, Arantxa Urretabizkaia eta iazko irabazleak izan dira, Antzuolako Alardearen ordezkariak eta Antzuolako Udala hain zuzen. Euskadiko Berdintasun Legea eguneratu zuten politikariak saritzea erabaki dute, horien artean EAJko Leixuri Arrizabalagaeta EH Bilduko Oihana Etxebarrieta. Sariak irailaren lehenean banatuko dira Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan.
Burdinaren eguna ospatu zuten larunbatean Urdazubin. Egun berezi horrekin Bizkaiko Muskiz herriarekin zuten hartu-emana oroitarazi nahi dute.
Urtero merkatariaren eta herriko monasterioko abadeen arteko negoziaketa antzezten dute herritarrek, eta aldi honetan ere, Muskiz herriko biztanleak gomita ukan dituzte. Aurten ere 30 bat muskiztar jin dira Urdazubira, bi herrien arteko loturak azkartzeko. Burdinaren eguneko antolatzaile eta antzerkiko protagonistetako batekin mintzatu da Inhar Iraizotz lankidea:
- Kaiet Etxeberria: «Kukutxeztula gure inguruan gutxi ikusten da baina bost urtean behin berriz agertzen dira kasu batzuk»
- Iparraldeko etxe ekoizleak argitara, Ezpeletako Idoki ferian
- Eneko Goia: «Kezka berezia dugu emakumeen kontrako erasoen inguruan»
- 1.300 kilometro bizikletaz fibrosi kistikoaren eritasunaz kontzientziatzeko