Bizikletaz 1.300 kilometro hamahiru egun eta etapetan. Erronka horri lotu ziren BIXI ekimeneko partaideak Fibrosi Kistikoa eritasuna ezagutarazteko eta eritasun hau sufritzen duten erien eta familiaren laguntzeko helburuarekin. Ibilbidea Bruselan abiatu zuten uztailaren 26an eta agorrilaren 7an izanen da azken etapa Baionatik Ondarroara.
Abuztu hasierarekin batera, bero, idorte eta su arriskuak altuak dira mendiguneetan. Arriskuen murrizteko nahian, 2021tik, Lapurdi eta Nafarroako mendigunea osatzen duten hiriek zonbait protokolo eta konbentziotan elkartu dira, mugaz gaindi. Horien artean, “Gure Mendia” izeneko lan taldea sortu zen Euskal Hirigune Elkargoaren barnean, Nafarroako Bera, Lesaka eta Baztango herriko etxeekin batera. Bertan, suteen aurkako prebentzio eta neurri komunak ezartzeko xedea dute, besteak beste.
Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezi bat sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrakbultzatu zuen museoaren sorrera, «euskal herri tradizionalaren» ondarea babesteko xedearekin. Hura izan zen Euskal Museoko lehen zuzendaria, eta ondotik Jean Ithurriague edota Jean Haritxelarrek hartu zuten bere lekua. Mendeurreneko erakusteko urtarrilera arte izanen da ikusgai, eta bisita gidatuak euskaraz hilabetean behin egiten ahalko dira, urritik urtarrilera.
Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da. Kazetariak Euskal Herrira itzuli nahi duela adierazi dio bere sendiari, baina Oihana Goiriena bere bikotekideak azaldu duenez, oraindik ez du berreskuratu bere espainiar pasaportea, eta ondorioz, ezin da Bizkaira itzuli.
Udatiar guttiago zenbatu dura uztailean Iparraldean. Departamenduko Turismo Agentziak egunean 200.000 bisitari zenbatu ditu, usaian 240.000 direlarik. Turista guttiago bai, baina aberatsagoak ere bai. Aldiz, zuhurtziarekin hartu beharreko zenbakiak dira, sasoia ez baita oraino bururatu. Hoteletan, oro har, %6 apaldu dira erreserbak eta Lapurdiko kostaldean %5 murriztu da bisitari kopurua. Barnealdean, kontrara, %5 emendatu da turismoa, eta %3 Aldude ibarrean adibidez. Lehen estimazio hau telefono mugikorretako datuen bilketari esker egin da, eta agentziaren arabera jende jarioa orekatuagoa izan da lurralde mailan eta ez da kostaldean hainbeste kontzentratu. Agorrilari begira, erreserbak %8 apalago izanen dira kostaldean iragan urteko sasoi oparoari alderatuz; barnealdean, aldiz, Donibane Garazin erraterako %12 erreserba gehiago aitzinikusi dituzte.
- Festilasaik 3.000 festibalari bildu ditu bere 18. edizioan
- Daniel Oltzomendi: «Turismoa %5 beheititu da uztailean, baina horrek ez du uda osoko joera erakusten»
- Behien eritasun hemorragikoa berragertu da Baxe Nafarroan
- Frantxoa Tambourain: «Ukrainian gerlan diren eremuetara erremedioak igortzea dugu xede»