Festilasaik 3.000 festibalari bildu ditu bere 18. edizioan

3000 festibalari bildu ditu Festilasaien 18.edizioak. Lerra kirola, karrikako artea eta musika biltzen dituen Miarritzeko hitzorduak arrakasta izan du, «aitzinikusi baino gehiago» antolatzaileen arabera. Tracy de Sa, Gérard Baste raplaria edo Rüdiger iragan dira oholtza gainean. Ingurumenaren zaintza eta euskara izan dituzte ildo nagusi aurten, Miarritzeko Mizanbu gaztetxeko kide guziek euskara kurtsoak segitu baitituzte aurten lehen aldiz. Edizio hoentan ere 70 laguntzaileren bultzadari esker eraman dute aitzina Festilasai.

Daniel Oltzomendi: «Turismoa %5 beheititu da uztailean, baina horrek ez du uda osoko joera erakusten»

Aro txarrak, inflazioak edota Olinpiar jokoen eragina ote? Turismoak %5 egin du beheiti Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan uztaileko hilabetean. Departamenduko turismo agentziak argitaratu zenbakien arabera 200.000 bisitari izan dira egunean bataz beste, lurralde osoan. Iaz, ordea, 240.000 izan ziren. Daniel Oltzomendi Elkargoko turismo jasangarriaren presidente ordearen arabera uztaileko datuek «ez dute anitz erraten udako turismo sasoiari buruz», eta uda bukaerako datuak goaitatu beharko dira.

Behien eritasun hemorragikoa berragertu da Baxe Nafarroan

Oztibarre, Iholdi, Amikuze eta Hazparne hunkitu ditu berriz ere behien eritasun hemorragiko epizootikoak. Eritasuna ulitxa batek hedatzen du, eta iragan urtean azkarki kolpatu zituen Ipar Euskal Herriko behi hazkuntzak. Kabalen heriotzek eta artatze gastuek galera are handiagoak sorrarazi zizkien jada idortearengatik ahulduriko etxaldeei. Oraino eritasunari buru egiteko txertorik ez bada ere, marexalen arabera aurten ez da iaz bezain egoera larria izanen, behien immunitatea azkartu delako. Haatik, ez da eritasun hau arrangura pizten duen bakarra. Izan ere, mihi-urdinaren eritasuna Belgikatik Euskal Herrira hedatzeko mehatxua ere baita. Azken horrek behi, ardi eta ahuntzei eragiten die, eta txertoa batekin buru egiten ahal zaio.

Frantxoa Tambourain: «Ukrainian gerlan diren eremuetara erremedioak igortzea dugu xede»

Bi urte pasa dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerla abiatu zenetik. Beste elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde anitz bezala, Misja Medyczna Fundazioak Ukrainari laguntza ekartzen dio ekonomikoki eta materialki. Profesionalen eta partikularren erremedioak eta bestelako puskak biltzen ditu gerlan den herrialde horretara garraiatzeko.

Euskarabentura, 160 gazte euskaldun bildu dituen «esperientzia izugarria»

Uztaila osoan barna Euskal Herria trabeskatu duen espedizioa bururatu da jada. Euskal lurraldeko eta diasporako 160 gaztek parte hartu dute aurtengo edizioan, Atharratzetik Getxora. Herrialde desberdinetako gazte euskaldunen arteko harremanak azkartzea eta muga administratiboak sorrarazten dituzten «muga kulturalak» gainditzea ukan dute xede berriz ere.