Euroeskualdeak POCTEFA 2021-2027 proiektu deialdia abiatu du. Eremu funtzional horren graparenaz eta bultzada koordinatzeaz arduratzen da. POCTEFA programa europarrak 14,8 milioi euroko funtsa ireki du Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren eta Euroeskualdearen proiektu egituratzaileak finantzatzeko. Hiru ardatz nagusi hartu dira proiektu-deialdiarentzat: enplegua, mugikortasuna eta eleaniztasuna. Proiektu deialdia urriaren 23ra arte irekia izanen da, eta proiektuak 700.000 eurotik goitikoak izan behar dira.
Azken bi asteetan artzainak bortura igaiten hasi dira. Aurten, aroak eragin duenez bortuan, batzuk berantago abiatzekotan dira. Hala ere, Garaziko mendietan artzain franko badira. Mendiak betetzen hasiak dira, bai kabalez, bai artzainez. Udako sasoia hastera doa, baina aroa ez denez haien alde, artzain batzuek berantago igaiteko deliberoa hartu dute. Hala ere, bortu batzuetan, beti arrakasta bada. Garaziko mendietan adibidez, bi etxola salbu, beste guziak artzainez beteak dira. Garaziko mendi sindikatuak, hainbat obra hasi ditu bai artzainentzat, eta baita ibiltarientzat ere: uraren garraiatzea idortearen desmasien saihesteko, edota ibiltari eta turisten lekuetan egokitzapen batzuk.
Puntu bakar bati esker, Mauleko errugbi taldea Nazional 2 mailara iganen da. Igandean 21-8 galdu zuten xiberotarrek Isle Jourdainen kontra; haatik, finalerdiak jokatzen ahalko ditu etxeko partidan 20-6 nagusitu baitziren. Nazional 2 maila sortu zenetik ukan dute mauletarrek mailaz igaiteko parada, baina ez zuten onartu. Aldi honetan, aldiz, bai. Heldu den urtean nazional 2an ariko dira beraz mauletarrak, baina lehen hitzordua bi asteren buruan dute Orleansen, finalerdien kari.
Gure inguruan ditugun basa belar eta loreen ezagutzea balio duela erakutsi du Garbiñe Larrea naturopatak larunbatean Lartzabalen proposatu egun berezian. Goizean ibilbide botanikoa izan da, besteak beste plantaina, berbena, asuna, izpilikua edo intsusa nolakoa den eta non pusatzen den erakusteko. Eta arratsaldean landare horiekin ukendu, tisana, tinta edo ozpinak nola egin erakutsi du. Euskal Herrian diren landareez jakitate handia du Garbiñe Larreak eta horren transmititzea du helburu. “Sendabelarrek dakitena” arta liburuaren ondotik, ari da liburu berri bat lantzen, kosmetikarako diren landareak aurkeztuz.
Kanboko Marieniako higiezin proiektuaren kontra bildu dira elkarte eta herritarrak larunbat honetan. Larunbatean, mahai inguru eta tailerren bidez herritarrak sentsibilizatu nahi izan dituzte Bouygues Immobilier agentziaren proiektuaren desmasiez. CADE, ELB, Lurzaindia, Ostia eta Nahi Dugun Herria elkarteek adierazpen bateratua egin dute, proiektua gelditu arte borrokak segituko duela azpimarratuz, eta lurren okupazioa ez dutela baztertzen jakinarazi dute.