Agorril osoan iraganen da aurten ere Donostiako musika hamabostaldia. 85. edizioa izanen da aurtengoa eta nahiz eta hitzordu gehienak Donostian diren Gipuzkoako beste herri batzuetara ere hedatuko dira, baita Lapurdira ere. Federico Garcia Lorca idazlearen figura goraipatuko dute emanaldi berezi batzuetan, horietarik bat Senpereko Larreko gelan izanen da. Sartzeak erosten ahal dituzue quincenamusical.eus webgunean.
Irungo Hiriko Bandaren doinupean, espainiar agintetik frantsesera iragan da asteazken honetan Konpantzia edo Faisan uhartea. Sei hilabetero egiten da aldaketa 1901e urtetik. Uhartearen kudeaketa Pauline Potierren esku izanen da; azaldu duenez, lur horren balio sinbolikoaz gain, uraren kudeaketa ere hartzen du akordioak barnean. Heldu diren sei hilabeteetan, Hendaiako herriko etxeak zaindu beharko du beraz uhartea.
Urteko hitzordu handia aitzina doa Garruzen. Asteazken goizean abiatu da feria zaldi eta behorrekin. Osteguna, aldiz, behien eguna izaten da urtero. Zaldien egunean toki guzietako jendea ibiltzen da eta Garruzeko herritarrek programa aberatsa antolatu dute.
Pantxix Bidart, literatura sorkuntza egonaldian izanen da udazken honetan. Hilabete bana pasako du Hendaiako Nekatoenea baserrian, eta Pasai Donibaneko Hugoenea etxean. Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Idazleen Elkarteak eta CPIE Euskal Itsasbazterrak bultzaturik. Hazparneko musika egilearentzat, aspalditik buruan duen istorio bat gauzatzeko parada izanen da. Bere lehen lana fikziozkoa izanen da eta gazte irakurleei zuzendua izanen da. Kontakizuna 60 hamarkadan kokatuko da, Hazparne herrian.
Xerar Urrutia idazle, kantagile eta abeslari Urruñarrak olerki liburu berria argitaratzear da: “Barneko Galderak”. Maiatz argitaletxearen eskutik plazaratuko duen lan berri hori bere bizipenetan oinarritzen da, eta ehundik gora olerki bildu ditu. Olerkiak metrikaz eta errimaz osatuak dira, eta askotan, koblak eta errepika eta doinua ere badute. Liburua ofizialki abenduaren lehenean aurkeztuko du Urruñako Loraldiberri liburu eta diska azokan, baita Durangoko Azokan ere.
- Pako Aristi: «Uztapide eta Xalbadorren arteko adiskidantzaren kronika da eleberri gisa irakurri daitekeen liburu hau»
- RTZ kolektiboa hautatu dute IparHots egonaldian parte hartzeko
- Naroa Anabitarte: «Euskararen testuinguru ideologikoa garrantzitsua da hizkuntzaren bilakaera ulertzeko»
- Hondartzetako dutxak berrezarri ditzaten galdegin diote Elkargoari