Iparraldeko berrogei lan berri 58. Durangoko Azokan

Aurten hamabi egitura lagunduko ditu Euskal Kultur Erakundeak Durangoko Azokan parte hartzen. Iparraldeko 39 berritasun aurkeztuko dira aurten, 21 liburu, lau komiki, disko-liburu bat. Liburu berrien artean dira Eneko Bidegainek idatzitako 'Bichta Eder', Elise Dilet eta Antton Harinordokiren 'Haize Leizetan' eleberria edota Emma eta Maialen Aresteguiren 'Xan' komikia. Musika lanetan, aldiz, Maialen Errotabehereren 'Animus anima', Kuma no motor taldearen 'Baiona zikina' edo Hebentik taldearen 'Gaztelondon zer berri'. Azokaren 58. edizioan 265 ekitaldi, 950 berrikuntza eta 257 erakusmahai izanen dira.

«Langile euskaldunak atzematen ez dituzten enpresak laguntzen ditut»

Lan munduan euskara bultzatzeko xedez, 'Ikusi ta Ikasi' deituriko enpresa sortu zuen Xabi Castorènek. Iparraldeko hamabost enpresatan ibiltzen da, astean oren eta erdiko euskarako ikastaroak ematen. Bereziki langile euskaldunak atzematen ez dituzten enpresetan eskaintzen ditu formakuntzak, bost pertsonako taldeetan eta entitate bakoitzaren beharrei egokituz.

Angelu: 17 milioi euroko aitzinkontua bozkatu du herriko etxeak

Mediateka, Jean Jurès haurtzaindegia eta Izadia parkea. Lehentasunezko hiru proiektu garatu nahi ditu Angeluko herriko etxeak, eta horretarako 17 milioi euroko buxeta onartu du. Alde batetik, urtero 180.000 bisitari jasotzen dituen Quintaouko mediateka osoki berriztatuko dute, haren eraikina handitzeko. Berregokitze lanak eginen dira ere Jean Jurès haurtzaindegian, haren edukiera 40 haurretik 45era handitzeko eta kanpoko berdegunea zabaltzeko. Bestalde, 2020ko sutean Izadia parkean kiskali zen eraikina berreginen dute. 83 metroko luzera izanen du eta 2025eko udazkenerako gauzatuko da.

«Erlezainek erleen %40 galtzen dugu urtero, liztor asiarraren eraginez»

Urtez urte, Ipar Euskal Herrian esponentzialki hazi da Vespa Vélutinaren populakuntza. Espezie inbaditzaile horren eragin kaltegarriei muga ezartzeko elkarte berri bat aurkeztu dute azaroaren 25ean Itsasun. Ehun bat pertsona bildu dira bertan, horien artean, Ezti Etxea, Erle Beltza eta Adana elkarteko kideak, baita Gaves eta Nives eskualdeetako sindikatukoak ere. Mikela Untsain Azkaineko erlezaina eta kolektibo berriko kideak Goiz Berri saioan azaldu duenez, arazoa orokorra da tokiko ekosistemari eragiten baitio liztor asiarrak, besteak beste, intsektu polinizatzaileak garbitzen dituelako eta fruitu arboletako fruituak kaltetzen dituelako. Lehen bilkura bat egin du kolektibo berriak eta urtea bukatu aitzin taldeka bilduko dira lehentasunezko  lan ardatzak zehazteko.

Abantsu 2.700 uso ehizatu dituzte aurten, saretegietan

Usoen sasoi berezi bat izan da Pirinioetako saretegietan. Azaroaren 21ean hetsi da ehiza sasoia. Usoek berant abiatu dute hegoalderako migrazioa, urriko tenperatura beroen eta haize azkarren ondorioz. Horrek azarora gibelatu du uso talde gehienen bidaia, abantsu ehiza sasoia bururatu baino hogei egun lehenago. Euskal Irratietan egun oroz eguneratu dugun kontaketaren arabera, Naphaleko lepoan (833) eta Landibarre-Suhuskunen (821) ehizatu dituzte uso gehien, eta ondotik heldu dira Oskaxeko lepoan (549) eta Etxalarko saretegietan (243). Aldiz, emaitza eskasak ukan dituzte aurten Lekunberrin (91), eta bereziki, Alduden (39) eta Saran (38).