Erretretaren eta enpresaren egonkortzeko Xiberoan, deliberatu du fundazio baten sortzea. Iragan den ostegunean Mixel Etxebestek epaiketa bat galdu du . Mauleko Agerria hotelaren aferan paperak faltsutzeagatik epaitua izan da. Udaberrian dei egin bazuen azkenean errudun ezagutua izan da. Mauleko auzapezak jakinarazi du azken herriko kontseiluan ; uztailan xehetasun gehiago bilduko ditugu epaiketa hortaz.
Frantses legebiltzarrerako Hauteskunde kanpainaren azken eguna dugu ostiral hau. Iganderako bozei buruzko azken zundaketen arabera, eskuin muturrak irabaziko ditu hauteskundeak %36arekin, eta bigarren tokian Fronte Herritar Berria, bozen %29arekin. Macron presidentearen gehiengoak %19,5 baino ez luke erdietsiko. Aldiz, ikerketa gehienen arabera, eskuin muturrak ez luke gehiengo osorik lortuko legebiltzarrean. Hauteskunde legegileen lehen itzulia igandean iraganen da eta uztailaren 7an bigarrena. Jenofa Berhokoirigoin ARGIA aldizkariko kazetariak azaldu duenez, Batasun Nazionala «herritar anitz jasaten duten miseria eta gaizki izateaz baliatzen da». Horrez gain, euskaldunendako kaltegarria izanen dela uste du: «eskuin muturra ez da aniztasunaren alde, frantses hiztun zuriaren alde baita».
Baionako prokuradoreak xehetasunak eman ditu atzo arratsaldean Urruñako emazte desagertuaren kasuan. Senarraren kontrako susmo azkarrak agerian eman ditu inkestak eta senarra preso sartu dute. Oraindik ez du deus aitortu. Joan den martxotik separatua zen bikotea eta dibortzio bidean. 43 urteko gizona erreserbista zen eta tiro-kirola egiten zuen. Aldiz, baliatzen zituen armak ez ditu atzeman poliziak. Gizonak bide txarretik eraman lituzke poliziak, etxe ebaste eta eraso bat antzeztuz. Laure Zachello atzemateko lanak segitzen ditu poliziak. Poliziak uztailaren 20 eta 21 arteko lekukotasunak xerkatzen ditu; bereziki, norbaitek Suzuki markako eta marra urdinak dituen 4x4 auto gorri bat mendialdean ikusi badu poliziarengana jotzeko deia egin dute.
Metamorfosia izanen da Errobiko festibalaren ardatza aurten. Uztailaren 18tik 21era iraganen da Itsasun. Nazioarteko musikariak, topaketak, kantu eta dantza ikastaroak izanen dira. Eszena gainean India, Brasil, Madagaskar edota Egiptoko artista ezagunak entzuteko parada izanen da, hala nola, Naïssam Jalal flautista, Parveen eta Ilyas Khan edota Reunion uhartetik Votia taldea. Aurten Régis Pochelu harri zizelkariak festibala bitartean obra bat sortuko du metamorfosiaren gaiari loturik.
Onetik eta Etxaldia gasnategiek urtean hamar egun pausa proposatuko dizkie beren 230 esne ekoizleei. Departamenduko ordezkatze federakuntzaren laguntzarekin, laborariek urtean hamar egun hartzen ahalko dituzte, eta laborari ordezkari bat proposatuko zaie osoki urririk. Bakantzak eta pausa egunak hartzera bultzatu nahi dituzte laborariak, lanbideak bizi duen gaizki izateari erantzun bat emateko. Ordezka lan horren diruztatzea. Onetikek eginen du partez 100.000 euroko inbertsioarekin, eta Frantziako Estatuak bestaldetik, dirulaguntza bati esker. Kontratu mugagabeko bost enplegu ireki dira ordezkatze lan horren egiteko.
- Asteburu honetan ospatuko da EHZ festibala Arberatze-Zilhekoan
- LGBTfobiaren indartzea dakusa Les Bascos elkarteak Iparraldean
- Laborantza biologikoko etxaldeek ez dituzte oraino 2023ko diru laguntzak ukan
- Peio Dufau: «Baikorki ikusten dugu Iñaki Etxanizek egin duen lana; bide bera jorratu nahi genuke»