Asteburu honetan ospatuko da EHZ festibala Arberatze-Zilhekoan

 

Amikuzen pausatu du zangoa Euskal Herria Zuzenean festibalak. Arberatze-Zilhekoak hartuko du 28. edizioa eta usaian bezala belaunaldi eta gustu orori zuzendutako eskaintza aberatsa proposatuko dute. aurtengo edizioan parte hartuko duten talde gehiagoren berri eman du: Su Ta Gar, Sune, Rudiger, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Janus Lester eta Octopussy. Aurretik iragarrita zuten jada Belako, Nakar, Vincen Garcia, Benizze, Lysistrata eta Eesah Yasuke taldeen parte hartzea. Herriko plazan eta herriko eskolan hainbat emanaldi, tailer eta hitzaldi izango dira.

LGBTfobiaren indartzea dakusa Les Bascos elkarteak Iparraldean

LGBT+ kolektiboko kideek segurtasun eza eta hitzezko indarkeria pairatzen dute. Horixe erakutsi du Les Bascos elkarteak aurten ere egin duen ikerketak. Horrez gain, gaur egungo testuinguru politikoa gehitu behar dela diote. Hauteskunde legegileen bezperan, eskuin muturreko alderdiek LGTBfobia indartu dutela uste dute. Hori dela eta, diskriminazioen kontrako legeen alde lan egin dezaken galdegin die Les Bascosek hautetsiei. "Belaunaldiz belaunaldi, berdintasunera heltzeko borrokan segi dezagun" lelopean, harrotasun martxa antolatuko du ekainaren 29an Miarritzeko itsasargitik kasinoraino.

Laborantza biologikoko etxaldeek ez dituzte oraino 2023ko diru laguntzak ukan

Bizirauteko baitezpadakoak dituzten laguntzen beha segitzen dute laborantza biologikoko ekoizleak. Zenbait etxalde lanjerrean direla ohartarazi dute ELB sindikatuak eta BLE Biharko Lurraren Elkarteak, batzuk 10.000 euroko ziloa dutelarik. Laguntza horiek isurtzearen ardira Frantziako Estatuak du. Ipar Euskal Herrian 9.000 hektarea eta laurehun bat etxaldek lan egiten dute biologikoan, eta horietan sartzen dira ere konbertsio urratsean direnak.

Peio Dufau: «Baikorki ikusten dugu Iñaki Etxanizek egin duen lana; bide bera jorratu nahi genuke»

Hendaiatik Miarritzera eta Larresorotik Sarara hedatzen den seigarren hautesbarrutian, EH Baiko hautagai bat izanen du Fronte Herritar Berriak. Eremu horrek 25 herri eta 105.000 bozkatzaile inguru barnebiltzen ditu. Bertan, azken hauteskundeetan, koalizio abertzalea izan da ezkerreko indar politiko bozkatuena.

Baionako besten giroa hobetzeko neurri batzuk hartu ditu herriko etxeak

 2032 Kolektiboaren proposamenak kontuan hartu ditu Baionako herriko etxeak. Iazko jendetza handia jasan ondoan eta bereziki Patrice Lanies erail zutenetik, neurriak hartu nahi ditu herriak. Esperimentazioaren urtea izanen da. Hainbat aldaketa iragarri dituzte, lehenik irekitze ekitaldia arratsaldeko 17:00etara aitzinatuz. Zaldiko maldikoak eta merkatariak lekuz aldatuko dituzte, eta giroa baretzeko, aurten kontrolak zorroztuko dituzte bozgorailuetako soinuaren heinari begira. Garraioen aldetik, autobusen proposamena zabalduko dute, Donibane Lohizunetik. Trenetan, iaz bezala eskaintza indartu du SNCFek. Iaz 28 000 bidaiarik baliatu zuten trena Baionara jiteko. Besten aitzinkontu orokorra 4,2 milioi eurokoa da aurten.