Xiberoa eta Baxe Nafarroa artetik jalgiko da aurten maskarada. Ehun urteko etenaldiaren ondotik, xiberotar usaia berreskuratuko dute aurten Pagolako gazteek. 2019an Domingo Garat pastorala eskaini zuten pagolarrek, eta horrek xiberotar arima berpiztu du erdi amikuztarra, erdi arbailarra den herri honetan. Mende baten ondotik, gizarteak aldatzeko denbora ukan baitu, aurten lehen aldiz, maskaradako rol nagusia emazte batek izanen du. Ainara Aguerrek antzeztuko du 'Kabana' pertsonaiarenpapera. Urtarrilaren 21etik apirilaren 27ra, hamabost maskarada emanen dituzte.
'Gora euskal (h)errientsak' izeneko saiakera grafikoa argitaratu berri du Asisko Urmenetak, Dom Campistron ilustratzailearen laguntzarekin. Bost emazte feminista eta aberztaleren ibilbidea aipatzen ditu: Jule Fernandez Zabaleta, Kapitolina Buztinze Larrondo, Katalina Alastuei Garaikoetxea, Malena Jauregiberri Ergin eta Maritxu Olabe Uzin. Duela ehun urteko gertakariak kontatzen ditu liburuak baina Asiskoren erranetan, aktualitate handikoa da.
Maulen euskarazko literatura bultzatzeko eginkizuna du Mathilde Baquék. Mediatekako euskal funtsa kudeatzen du, eta euskal kulturari loturiko ekimenak antolatzeko ardura du. Azaltzen duenez, euskaraz gutxi irakurtzen da eta erronka handia da irakurle potentzialen interesa piztea. Gainera, Xiberoan euskaldun geroz eta gutxiago badira, eta Xiberoako euskaraz idatzitako lanak eskasegi dira. Hori dela eta, haurrentzako liburuak xiberotarrera itzultzen hasi da Mathilde Baqué.
Aldak bere biltzar nagusia egin du joan den larunbatean. Orotara 123 kide hurbildu dira, eta egin ekintzez nahiz etorkizunean burutuko dituenez eztabaidatu dute. Horrez gain, pobrezian edo zailtasunetan direnentzat geroz eta laguntza gehiago behar dutela aipatu dute. Elkarteak bere bazkide kopurua bikoiztu du urtebetean, 446tik 834ra pasatuz, eta laguntza galdeak ere boskoiztu dira, 60tik 300era iragan direlarik. Hori dela eta, Hego Lapurdin egoitza berri bat irekitzeko asmoa iragarri dute. Azken urtean, Euskal Hirigune Elkargoan konpentsazio legea onartu dadin lobby lana egiten aritu dira Aldakoak, eta 2024ean, hutsik diren etxebizitzen gaiari lotuko dira «Stop ! Aski!» kanpainarekin. Bildu dituzten datuen arabera, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %20tik goiti hutsik dira.
Posible dea laborantxatik bizitzea diru laguntzarik gabe? Azken hamarkadetan sortu diren egitura ezberdinek zer ekarri dute? Hainbat galderei iharduki diete gure gomitak hilabete honetako KaioLan emankizunean. Mahai inguruan bildu ditugu Ttele Leizagoien eta Peio Iriquin laborariak, Euskal Herriko Laborantxa Ganbarako Patxi Iriart, Trebatuko Kattalin Sainte-Marie eta AFOG formakuntza elkarteko Mattin Irigoien.