3.000 lasterkari bildu dituzte Euskal Trailek

Baigorri eta Aldudeko mendiak lasterkariz bete dira asteburu honetan. Euskal Raid elkarteak antolatu dituen lasterketetan 3.000 parte hartzaile elkartu dira. 130 kilometroko Ultra Trailean lehen postuan arribatu da gizonetan Maxime Cazajous, eta emazteetan Nadège Poulain. 65 kilometroko binakako Iraupen Trailean, gizonetan Hervyk eta Aubertek irabazi dute, eta Barrèrek eta Grenierrek emazteetan . 40 kilometroko binakako Euskal Trailean gizonetan Soulans eta Cather gailendu dira, eta emazteetan Malgouyres eta Gratigny. 25 kilometroko binakako Trail Gormantan gizonetan Comet eta Moureu, eta emazteetan Gautier eta Rubke. Neska Trailean binaka, Fazilleau eta Etchats nagusitu dira. Azkenik, Iluna Trailean Ferrandez eta Palacio gizonetan, Piette eta Moinat emazteetan nagusitu dira.

 

Mañu Erbiti: «Aro bikaina lagun, Herri Urrats arrakastatsua goiatatzen dugu»

Senpereko aintzira forma hartuz doa. Jada xutik dira Herri Urratseko egitarauaren parte handiena hartuko duten lau eszena nagusiak. Auzolan handiena aldiz larunbatean hasiko dute Seaskako gurasoek. Aurten, 2.500 laguntzaile izanen dira orotara, eta Bizkaia gunea sortu dute haurren xoko berri batekin; Gipuzkoa gunea, aldiz, musika elektronikoari eskainia izanen da lehen aldiz. Horrez gain, Kattalin Elizalde kolegio berrian kirol ekimenak izanen dira nagusi.

Palestinarekiko elkartasun kanpaldiek astebete egin dute jada Euskal Herrian

Maiatzaren 6an abiatu zituzten kanpaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetako unibertsitate publikoetako campusetan, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakunde sozialistak deiturik. Ikasleek EHU eta NUPeko errektoreei Israelekin harreman oro eten ditzatela galdegin diete. Astelehenetik kanpaldiak izan dira Hego Euskal Herriko unibertsitateetan, eta ehunka ikaslek bat egin dute protestekin. Heldu den astean ikastetxeetara ere hedatuko dituzte mobilizazioak ikasleek. Loba Laskarai IAko kideak azaldu digunez ez dute «Israel eta Palestinaren arteko bake prozesu batean sinisten», eta «Israelgo estatu sionistaren deuseztatzea» aldarrikatzen dute aterabide erreal bakar gisa.

Euskal Trail lasterketa izanen da asteburu honetan

Ipar Euskal Herriko lasterkariendako erronka garrantzitsuena izanen da asteburu honetan, Euskal Trail lasterketa. Duela bi aste hasi dira laguntzaileak bideak garbitzen eta beharrezko oro prestatzen.

Donibane Lohizuneko hilketa matxistan, erakunde publikoek duten erantzukizuna seinalatu dute

Mobilizazioak Lapurdin Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatzeko. Baionako auzitegi aitzinean elkarretaratzeko deia luzatu zuen Itaia antolakundeak igandean, eta Donibane Lohizunen feministek astelehenean. Oro har, Baionako prokuradorearen adierazpenak gaitzetsi dituzte, eta Frantziako justiziaren erantzukizuna azpimarratu. Ostiralean Donibane Lohizuneko hotel batean eraila izan zen emazteak urtarrilean jada tratu txarrak salatu zituen polizi-etxean; eta hori ez da aurrekari bakarra, izan ere, hiltzailea jada atxilotua izan zen emazteak bosgarren estaila batetik jasan zuen erorketaren ondotik. Haatik, froga eskasagatik aske gelditu zen. Prokuradorearen arabera, senarrak hilketa aitortu du aldi honetan.