Joan den hilabetetik, kontratu aldaketak jasan dituzte Euskal Kosta Hegoaldeko poliklinikan, kontratu mugatuetan ari diren erizain eta erizain laguntzaileak. Gehienak ordezkapen lanetan ari dira eta hilabetero berritzen zitzaien kontratua. Astez asteko kontratuekin, haien egoera prekarioagoa dela salatu dute. Hilabetean zenbat oren lan eginen duten eta beraz zenbat irabaziko duten ez dakite. 2021etik, poliklinikako zuzendari den Stéphane Fagotekin harremanetan ezarri dira Euskal Irratiak, baina ez du egin galderei iharduki nahi izan. Gaur egun, 250 langile enplegatzen ditu egitura horrek.
Asteburu honetan ospatuko ditu bere lau hamarkadak Axuriak. Berrogei urteren ondotik, 280 kidek osatzen dute kooperatiba eta 30 langile enplegatzen dituzte. Aratxekia eta ardikiaz gain, behikia ere komertzializatzen du egun Sohütako kooperatibak. Are gehiago, urte honetan, irabazi gehienak behikiari esker egin dituzte eta Alain Lasserre Axuriako presidentearen arabera «eskaintza baino galde haboro» ukan dute. Behiek azken aldian jasaten duten gaixotasun hemorragiko epizootikoak ez die kalterik eragin, haiek beraiek bestelakotzen eta saltzen baitute haragia. Larunbatean eginen dituzte urtemugako ospakizunak Sohütan eta goizean biltzar nagusia eginen dute herriko gelan.
«Amorruz» mintzatu dira ostegun goizean zugarramurdiarrak eta saratarrak Zugarramurdin egin duten agerraldian. Azken astea «zainetan» bizi dutela adierazi dute, Baztango Udalak Arxuriko kaskorat joateko kilometro bateko pista eraikitzeko baimena onartu zuela jakin dutenetik. Azaldu dutenez, Bidasoa Arxuria Group parapente eskola pribatua da proiektu «suntsitzaile» horren gibelean. Harremanetan ezarri dira enpresa horretako buruarekin eta Baztango Herriko Etxearekin ere, proiektua bertan behera uzteko eskatuz. Natura 2000 sareak babesturiko mendi mazelak eta bertako fauna kaltetzeaz gain, herritarren bizi kalitatea kaltetuko duela uste dute; izan ere, jada turistikoki «masifikaturik» den ingurua, ibilgailu handiz eta bisitariz beteko dute.
Ur zikinen %30 inguru tratatu gabe isurtzen da itsasora Ipar Euskal Herrian. Horrek arazo handiak sortzen ditu itsas-uren kalitatean, eta itsasoko ekosistemaren eta arrantza sailaren kalterako. Gaur egun jardunean diren hainbat araztegi ere zaharkituak gelditu dira, eta ez dituzte jada Europar Batasuneko legediak zehazten dituen irizpideak betetzen. Horien artean da, Donibane Lohizuneko Artxiloako ur-zikinen tratatze lantegia. Hori dela eta, 25 milioi euroko inbertsioa egin dute erakunde publikoek, Akotzen araztegi berri bat eraikitzeko. Halatan ere, Herri Berri oposizioko taldeak bere dudak azalerazi ditu, ez baitute uste beharrezkoak diren azterketa bakteriologiko guztiak eginen direla. Gaiari loturik eztabaida antolatu dute ostiral honetan, urriak 6, Donibane Lohizuneko Baratze Botanikoan Sepanso taldeko Michel Botella, Jeremie Savatier ingienaria eta Peio Dufau SAGE Cotiers Basques erakundeko presidenteordearekin. Preseski, Peio Dufau izan da Goiz Berri saioko gomita.