Txomin Elosegi: «Ipar Euskal Herrian kalitatezko garagarra ekoiztea erdietsi dugu»

Lehen aldia da malta Ipar Euskal Herrian ekoitziko dela. Euskal Herriko Laborantza Ganbara garagardo sail berri bat eman du plantan. Garagardoaren osagai zerrenda sinplea da: ura, lupulua eta garagar maltatua. Orain arte, ordea, Ipar Euskal Herrian kalitatezko garagarra ekoiztea abantzu ezinezkoa izan da tokiko klima dela eta. Bost urteko ikerketaren ondotik, barietate egokia atzeman dute eta aurten zazpi hektarea landatu dituzte. Donamartirin, gainera, maltategi bat sortzeko proiektua abian da.

Ehun hektarea kiskali dira larunbatean Larrainen

Sutea goizean hasi zen Etxelü oihanean. Airean hezetasun apala zen eta haize buhako azkarrak. Suhiltzaileen lana igande arratsaldera arte luzatu zen, eta hurbil ziren hiru etxebitzitzak babestea erdietsi zuten. Nolanahi ere, bilana ez da ona, ezin izan baitzen saihestu ehun hektarea oihan erretzea. Orotarat 81 suhiltzaile, bi ur zisterna eta 27 kamioi mobilizatu dituzte larrialdi zerbitzuek. Suak debekatuak ziren larunbatean eta ez da oraindik argitu nola hasi zen sutea.

Larunbatean jokatuko dira pilotari amaturren txapelketako finalak Irisarrin

Iparraldeko amaturren esku huskako txapelketaren finalak larunbatean iraganen dira Irisarriko trinketean. Lehen mailan, Endaiarrak taldeko Asier Aspuru Agorria lehiatuko da Sarako Izarra taldeko Aritz Lekuonaren kontra. Bigarren mailan, USSP Amikuze taldearen Bittor Tikoipe, Airetik taldeko Iban Jauregiberriren kontra. Junior edo Artekoetan, Zaharrer Segi taldeko Mattin Etcheverry, Atzarri taldeko Peio Larrechea-ren kontra. Lehen mailako finala zuzenean segitzen ahalko duzue Euskal Irratien bidez.

Ximun Goiti irisartarrak irabazi du Baionako xingar feriaren lehen saria

Baionako Xingar feriaren lehen orenak abiatu dira. ostegun honetan etxeko xingar onenaren lehiaketako 26 xingarren artean txapela irabazi du Ximun Goiti irisartarrak, 10 kiloko xingarrarekin. Zortzi parte hartze baina lehen aldia da irabazten duela. Xingar ekoizle eta saltzaileen merkatuko pasabideak bete dira goizetik, bertan 50 erakusmahai atzemanen dituzue. Jakin Baionako xingarraren sailak 740 hazle zenbatzen dituela, eta orotara 5.000 enplegu biziarazten dituela.

Iñaki Etxeleku: «Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba»

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen. Jabetza kolektibo horrek, etxea eta lurrak espekulazioaren merkatutik ateratzeko aukera izan daitezke, eta kooperatiben gisara, elkarteko kide izan behar da bizitegi horietan bizitzeko. Irisarrin sei lagunek gisa horretako proiektu bati ekin diote. Oro har, hiriguneetan agertzen dira holakoak, baina oraino landa eremuan bekan dira. Iñaki Etxeleku egitasmo horren parte da, eta azaldu duenez «jabetasun kolektiboan» oinarritzen da bizitegi eredu hori: «gu kooperatibako kide gira eta egitura da den-denaren jabe, beraz, gu joanen girelarik, egitura bera hor egonen da». Hala ere, diru-laguntzei begira, etxebizitza eredu hau ez da ezagutua administrazioaren aldetik.