Xiberoko enpresa buruek bilan baikorra egin dute ODACE elkartearen azken biltzar nagusian. Lantoki mintegia beterik da, enpresa sortzaileentzako tailerrek arrakasta ukan dute, eta «Industria eta eraikuntzaren egunean» ikasle geroz eta gehiago hurbiltzen da. Aurten, erronka berri bati iharduki nahi diote: erretretara doazen enpresaburuen transmisioa bermatzeari. Horrez gain, trantsizio ekologikorako jauzia egin nahi duten enpresei laguntza eskaini nahi diete, eta Xiberoak bizi duen etxebizitza problematikaz gogoetatu ere bai. Biltzar Nagusian azaldu dutenez, ODACEk bigarren langile bat hartu nahi luke aurten.
Garapen eta trantsizio hitzarmen bat izenpetu dute atzo Akitania Berriak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Donapaleun elkartu dira bi erakunde horietako presidenteak iragan astelehenean. Elkargoak sail orotako egitasmoak garatu ditzan, hamabost milioi euroko laguntza eskaini dio Eskualdeak. Proiektu lagunduen artean dira, erraterako, Amikuzeko kirol gela, arta-etxe berria eta eraikitze lanetan de den agro-elikagai mintegia, baita Baionako merkatuaren arrantolaketa egitasmoa eta Bankako gune partekatuaren eraikuntza ere. Itunean bildutako 91 proiektuak, beranduenez 2027rako bururatuak izan beharko dira.
Elebitasunak zer ondorio du gure ongizatean? Galdera horri arrapostu ematen entseatu da Intza Malharin ikerlari xiberotarrak. Astearte honetan, lehen aldiz, bere azterketaren emaitzak argitara emanen ditu Donostiako San Telmo Museoan. Mintzaldi horretan, elebidunen eta elebakarren artean ongizate mailan diren desberdintasunak azalduko ditu.
Goizeko Izarra Garaziko pilota batasunaren biltzar nagusia iragan zen larunbatean. Lizentziadun gehien dituen bigarren pilota batasuna da Baigorrikoaren ondotik. Osagarri onean da pilota Garazin eta azpimarratu dituzte ere txapelketetan dituzten emaitza onak. Haatik, aurtengo biltzar nagusiak bazuen gustu berezi bat, 1997tik hona asteleheneko partidak kudeatzen dituen Garaziko Pilota elkartea deseginen baita uztailetik goiti. Edourd Maite elkarteko buruak bere kargua utziko du laster, eta Goizeko Izarrak ez du kudeaketa horren lekukoa hartzeko xederik. Anartean, Donibane Garaziko herriko etxea kudeatzaile berrien xerka ari da, asteleheneroko partiden usaia ez dadin horretan geldi.