Sohüta, Oion, Balmaseda, Zangoza, Lodosa, Biana, Tutera eta Beskoitzeko ikastolei, aitortza bat eskaini diete atzo ikastolen bestetako antolatzaileek. Gune horietan, euskara eta ikastolak garatzeko egoera sozio-kulturalak zailagoak direlakoan, elkartasuna adierazia nahi izan da Ikastolen mugimendutik. Ekitaldia, bazkaria, haurrendako joko eta Bizkarsoro filmaren proiekzioarekin osatu dute egitaraua.
Euskara plana bozkatu du Uztaritzeko herriko etxeak. Urruñak eta Baionak egin duten bezala, urrats bat gehiago eman nahi izan du euskararen presentzia eta baliapena sustatzeko herrian.
Abortuaren eskubidea Frantses konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 70. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian. Emazteak iraultzan taldea sortu zuten 1972 urtean emazteen eskubideen alde, eta bertan aritu zen Jacqueline Idiart. Haren hitzetan, «Gizonekin partekatzen genituen espazioetatik kanpoko antolaketa bat behar genuen gure gorputzaren burujabetasuna borrokatzeko».
Herri Urratsek badu kantu eta bideoklipa. Neomak taldearen eskutik heldu da aurtengo kantua, Nerea Ibarzabal bertsolari bizkaitarraren hitzekin. Izenburuan, bi hitz: 'Hor gaude'. «Kontrako haizeak kolpaturik ere, Beskoitzen bezala, ikastolak beti hor izanen dira». Preseski, Beskoitzeko ikastolaren alde izanen da aurtengo Herri Urrats. «Ortzadarra» lelopean maiatzaren 12an ospatuko da Iparraldeko ikastolen aldeko besta Senperen. ORTZADARRA lema eman diote antolatzaileek.
«Behar bereziko ikasleen laguntzak berantegi heldu dira». Seaskako Integrazio Batzordeak 116.000 euroko zama bildu nahi du, erakunde publikoek finantzatzen ez dituzten laguntzaileak ordaintzeko. Gaur egun, 158 ikasle daude Seaskako integrazio planaren barnean. Integrazio Batzordeko kideek ohartarazi dutenez, Departamentuko zerbitzuek «hamaika hilabeteko epea hartzen dute MDPH laguntzen txostenei arrapostua emateko, legezko epea lau hilabetekoa delarik». Beranta horrek diru laguntzen zama «murritzagoa» izatea eragiten duela gaitzetsi dute. Diru bilketa kanpainaren barnean, martxoaren 17an «jantzi hustea» eginen dute Lakarran eta Itsas Laminen Korrika lasterketa Angelun. Apirilaren 7an, aldiz, Neska Korrika lasterketa izanen da Azkainen.