Emazteen etxe bat eraikitzeko lehen urratsa eman du EBA Emazteen Berdintasunaren Alde kolektiboak. Azken hilabeteetan berrehun emazteren iritziak bildu dituzte egitasmo horrek bete beharko lituzkeen ezaugarriak aztertzeko. Preseski asteazken honetan aurkeztu dituzte galdeketaren emaitzak Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan.
Bea Salaberri irakasle baxe nafarrak bere lehen eleberria argitaratu du. 'Mesfida zaitez' du izenburua eta, euskal borroka armatuaren laguntza sarean barneratzen den emazte gazte baten bizipenak kontatzen ditu, baina, aldi berean, Euskal Herriko garai politiko jakinetan kokatzen du istorioa idazleak. Txalaparta argitaletxeak karrikaratu du Salaberriren lana. 'Baionak ez daki' ipuin liburua argitaratu zuen 2015ean, eta oraingo liburua Txalaparta argitaletxe nafarrarekin karrikaratu du.
Urruñan, Hendaian eta Baionan izan dira atxiloketak. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak azaldu duenez andeatzeak eta poliziaren kontrako erasoak leporatzen dizkiete sei gazteei. U14 kolektiboak uztailaren 14an antolaturiko manifestaldietan kalte materialak eragin izanaz eta Baionako erretreten erreformaren kontrako istiluetan parte hartu izanaz akusatzen dituzte. Atxiloketak goizeko 6:00ak aldera izan dira, eta Baionako polizia etxera eraman dituzte sei gazteak. Horrez gain, atxilotuen senideek salatu dutenez etxeko ordenagailu eta mugikorrak ere hartu ditu frantses poliziak. Ainhoa Arin atxilotutako bi gazteren amak adierazi duenez, «poliziala judiziala izan da atxiloketen egilea, eta kolpeka sartu dira etxean. Etxea miaturik esku burdinekin eraman dituzte».
Korsikaren autonomia bidean da. Duela astebete bildu ziren Parisen Gerald Darmanin frantses barne ministroa, eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea. Hitzordu horretan, bi aldeen arteko hurbilpena gauzatzea zuten xede, uhartearen autonomia nola garatuko den adosteko. Ander Perez, Berria egunkariko kazetariaren arabera «aurrerapausoak egoten ari dira, baina Korsikako nazionalisten galde historikoak ez dira erabat kontuan hartuak lehen testuan». Parisek, erraterako, ez du egoiliar estatutu famatua eta korsikeraren ofizialtasuna onartzeko asmorik. Martxo hondarrean berriro bilduko dira Korsikan.
Baionatik Parisera 1035 kilometro eginen dituzte bizikletaz. Elbarritasun psikiko edo mentala duten 10 pertsonek markatu dute desafioa, agorrilaren 15etik 30era, olinpiar jokoak eta ondotik paralinpikoak izanen direla baliatuz. Osasun mental eta psikikoan arazoak dituzten pertsonei kirola eta aisialdia eskaintzen dien Olagarroa elkarteak bultzatzen du egitasmoa. Orain, behar diren bizikleta egokituak erosteko dirua behar dute eta horretarako diru bilketa kanpaina abiatu dute.