Iera Agirre: «Iparraldeko emakumeak esku huskan aritzeko duten debekua zentzugabea da»

Hegoaldean geroz eta emazte pilotari gehiago ari dira esku huskako zoingehiagokan. Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dute aizu. FFPB Frantziako Pilota Federakuntzako medikuntza zerbitzuak emazteen esku huska txapelketak galaraziak ditu. Iparraldeko Pilota Batzordeak debeku hori bertan behera uzteko galdea egin badu ere, arraposturik ez dute ukan oraino. Bidea irekitzeko xedez, larunbat honetan Hegoaldeko emazte pilotarien txapelketaren finalerdia jokatuko da Miarritzeko Plaza Berrin arratsaldeko 18:00etan. Bertan lehiatuko dira Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre bikoteak. Irabazleek apirilaren 21ean jokatuko dute finala Antzuolan, Ruiz de Infanteren eta Galeanoren kontra.

Iparraldeko etxalde biologikoek ateak irekiko dituzte apirilaren 28an

Ipar euskal herriko hogei etxaldek ateak irekiko dizkiote publikoari «Etxaldez etxalde» ekimenaren kari. Etxalde guzi hauek biologikoan ari dira eta BLE Biharko Lurraren elkarteko kide dira. Ekimen horren hamaseigarren edizio hau apirilaren 28an izanen da. Biologikoan ari diren etxaldeen egin moldea ezagutarazteko xedea du. Gainera azken zenbakiak positiboak dira, 450 etxalde biologikoan dira Ipar Euskal Herrian eta instalazioak biderkatzen ari dira. Apirilaren 28an egun osoan, bisitak eta dastaketak izanen dira..

«Jakintzen talka» erreformak hezkuntza komunitatearen protesta eragin du

«Jakintzen Talka» izeneko erreforma (frantsesez, Choc des savoirs») martxan jarri nahi du frantses gobernuak irakaskuntzan, heldu den sartzean. Erreforma honen xedea da ama-eskolatik lizeora, ikasleen maila hobetzea. Horretarako irailetik goiti kolegioan, seigarren eta bosgarrenenko ikasleak mailen araberako taldetan banatuko dituzte. Neurri hori ikasleen «bereizketa» egitea bezala dela salatu dute hainbat buraso eta erakaslek. Baina neurri horren beste eragina elebitasunean diren ikasleentzat ere izanen da, hezkuntza komunitateko hainbat kidek salatu duten gisara.

57 milioi euroko salmentak urtean Xiberoako saltegietan

Nola kontsumitzen dute xiberotarrek? Galdera horri arrapostua eman dio CCI Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarako ikerketa batek, Xiberoako merkatarien eskariz. Urtean 57 milioi euroko salmentak izan ohi dira Xiberoako saltegietan, eta erosketen %55 elikadura sailean dira. Ikerketaren arabera, geroz eta erosle biarnes gehiago daude Xiberoan, eta internet bidezko salmenta kopurua emendatu egin da. Haatik, xiberotar merkatariek ohartarazi dutenez, azken urteen irabazi marjina ttipitu egin zaie.

Kanboko kontseiluan protesta egin dute Marieniako lurren defendatzaileek

Laborariak taldeko ehun bat kide Kanboko kontseiluan sartu dira barda, Marieniako proiektua salatzeko beste behin ere. Bi oren luzez arrabotsa egiten aritu dira, makil eta zintzarriekin Christian Devèze auzapezak kontseilua gelditzea agindu duen arte. Gelatik ateratzean pusaka hasi dira, laborariak, hautetsiak nahiz poliziak, eta auzapeza erori da. Ez da beraz eztabaida posiblerik izan. Egin duen erorikoaren ondotik, auzapeza ospitalera eramana izan da. «Hautetsi baten kontrako talde erasoa» ikusi du Bainoako prokuradoreak, eta ikerketa bat abiatu duela adierazi du.