Zendu da Mixel Oronoz euskaltzale handia

Mixel Oronoz euskaltzale, idazle eta apeza zendu da 88 urtetan Baigorrin. Euskal Konfederazioko presidente izan zen urteetan. Bere bizian zehar hainbat lan idatzi zituen Euskal Pizkundeari buruz edota Iparraldeko Elizak hartu duen bide 'integrista' eta Marc Aillet Baionako apezpikua kritikatuz. Asteazkenean izan da erraustua Akizen; eta bere azken gogoei segika, bere hurbilekoek intimitatean eman diote azken agurra, ekitaldi laiko batekin.

Baigorrin filmatutako 'Bizkarsoro' filma estreinatu da Donostiako Zinemaldian

Josu Martinezen 'Bizkarsoro' luzemetrai berria estreinatu zen atzo arratsean Donostiako Zinemaldian. Euskal zinea biltzen duen Zinemira sailaren barnean aurkeztu zuten, publiko zabalaren aitzinean. Azken bost urteetan filmatu dute lan hau Baigorrin, eta aurkezpenean bildu dira bertan parte hartu duten 50 heritarrak. Azken mendean euskararen zapalkuntza, desagertzea eta berpizkundea ditu ardatz filmak, Bizkarsoro izendaturiko fikziozko herrian kokaturik.

Euskararen alde eragiteko egitasmoa plazaratu du Plazara elkarteak

Plazara proiektua aurkeztu dute asteartean, Azkainen. Euskararen inguruko mediazioa, sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeko tresna izan nahi du. Momentuz atxikimendu kanpaina abiatu dute, eta 43tik mila bidelagun izaitera iragan nahi dute. Abenduan biltzar nagusia eginen du Plazarak eta bertan, elkarte egituratik kooperatiba bat izatera pasatzea aitzinikusten dute. Xan Aire, Plazarako kidea izan da Goiz Berri saioko gomita.

'Haize leizean' eleberri ilustratua argitaratu dute Elise Diletek eta Antton Hariñordokik

Iparraldeko nerabeei zuzendu eleberria sortu berri dute Elise Dilet eta Antton Hariñordoki idazleek. Kontakizuna Ainize Butronek egin marrazkiez ilustraturik da. Lana nafar-lapurteraz idatzi dute, tokiko gazteei irakurtzeko gogoa pizteko xedez. Hamabi urtetik goitiko irakurleei zuzendua zaie liburua eta adin horretako galdezketak ditu mamian. Eleberria historiaurrean kokatua da, eta Haizea nerabe bakartiaren abenturak kondatzen ditu.

Mattin Aiestaran: «Burdin Aroko herrixka baskoien gainbehera erakusten digu Irulegik»

Uda honetan Irulegi mendian egindako hiru hilabeteko indusketa kanpainak baskoien bizimoldearen inguruko informazio gehiago eskaini ditu. Aranzadi zientzia elkarteak egin ditu ikerketa lanak. Besteak beste, agerian eman du erosteko ahalmena zuen gizarte bat zela, erromanizazioa prozesuan zena. Haatik, Kristo aitzinetik I. mendean jasan erasoaren ondorioz herrixkatik kanporatuak izan ziren. Atzemandako eraikuntza teknika eta arrastoei esker, Mediterraneoko gizarteekin hartu-emanak zituztela ikus daiteke, bereziki Erromatar inperioarekin. Irulegiko eskua atzeman zenetik bi mila bisitari baino gehiago hurbildu dira Iruñea ondoko mendixka honetara. Gaiaz gehiago sakondu dugu Mattin Aiestaran aztarnategiko zuzendariarekin Goiz Berri saioan.