Mugaz gaindiko herritarren diagnostikoa egin nahi du Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak eta Nafarroako CEDERNA-GARALUR erakundeak. Bederatzi tailer antolatu dituzte lekuko erronkak atzeman eta geroari buruzko hausnarketa eraikitzaile bat plantan emateko. Urepelen, Orbaitzetan eta Izaban egin dituzte lehen tailerrak azaroan, eta heldu diren asteetan, Baztan-Baigorri-Bidarrai-Itsasu, Xareta-Baztan, Bidasoa-Bortziriak-Azkaine-Urruña-Biriatu eskualdeetan ezarriko dute begirada. Hitzordu bakoitzean, artista bat ere gonbidatuko dute, parte hartzaileen gogoetak sorkuntza baten bidez irudikatzeko. Horrez gain, ikus-entzunezkoa ere baliatuko da, Kanalduderekin eta Euskal irratiekin eraman partaidetza baten bidez.
Lantegi berriak sortzeko lur eskasiari buru egin nahi dio Euskal Hirigune Elkargoak. Horretarako dispositibo berri baten esperimentazioa gauzatzen ari da. 'Eraikuntzarako alokairua' deitu diote, eta haren bidez, agro-elikadurako Bihur enpresari 50 urteko alokairu kontratua proposatu diote Aiherrako aktibitate eremuan. Hondarkin organikoak berreabiltzen dituen enpresa horrek bertan eraikiko du bere eraikina, eta lurra alokairuan izanik ere, egoitzaren jabetza beretzat atxikiko du.
Usain eta kolore gabeko gas erradioaktiboa da radona. Jatorri naturalekoa da, eta oro har, ez du lanjer handirik eragiten. Haatik, batzuetan etxeetan metatu daiteke eta orduan, barneetako aire-kalitatea kutsatu dezake, eta kasu ematen ez bada, birikako minbiziak sorrarazi ditzake. Ipar Euskal Herrian, hamabi herrietan agertzen da gas erradioaktibo hau manera aski azkarrean: Baxe Nafarroan Lasan, Uharte Garazin, Arnegin, Hoztan, Donaixtin, Arrosan eta Ortzaizen; Lapurdin Urruñan, Biriatun, Saran eta Ezpeletan; eta Xiberoan, Santa Grazin. Hori dela eta, CPIE ingurumen zentroak radona neurtzeko dosimetro eta neurgailuak proposatuko dizkie herri horietako biztanleei. Ingurumen zentroaren egoitzetan eskuratu daitezke baliabide horiek.
Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta tiroa egin zuen polizia errugabetua. Lau hamarkada iraganik, Didier Lafitten memoria berreskuratuko dute haren lagunek. Otsailaren 26tik martxoaren 3ra aste beteko omenaldia antolatu dute zine-eztabaida eta mahai-inguruekin. Martxoaren hiruan, aldiz, Arrantzale Maitagarri eguna antolatu dute Donibane Lohizunen.
Etorkinen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean bakarrik 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80 pertsona, hain zuzen. Horietatik anitz Irunera arribatuko dira Irunera, Europa iparraldera beren bidaia segitzeko. Haatik, espainiar eta frantses polizien mehatxu azkarra jan beharko dute mugan.
- Marie Christine Elizondo: «Hazitik sukaldera, elikagaiak nola ekoizten diren landuko dugu Tokiko Elikadura Osasuntsuaren astean»
- 50 arrantzontzi geldi eta milioi bateko galerak Donibane-Ziburuko portuan
- Pello Otxandiano: «EAJ-PSE aliantza jada higatua dago, PPren babesa behar baitu»
- Lorategi bat Donibane Lohizunen Agnès Lassalle irakaslearen omenez