Korrikaren abiatzerako prestatzen ari da Irungo hiria. Tokiko elkarteekin elkarlanean ari da AEK antolakuntza lanetan, eta Irungo berriki Irungo Harrera sarearekin agerraldia egin dute. Egoera administratibo irregularrean daudenen hizkuntz-eskubideak administrazio publikoen agendan ezarri nahi izan dituzte AEKk eta Irungo Harrera Sareak. Korrika Kulturalaren baitan ‘Paperezko Bizitzak’ adierazpena aurkeztu dute Oiasso Museoan egindako 'Hizkuntzak Mugarik Gabe' ekimenean.
Ama-hizkuntzen nazioarteko eguna ospatuko dute Baionako Euskal Babel eta Jakinola elkartee. Horretarako mintzaldia antolatu dute Michel Feltin-Palas idazle eta kazetariarekin. Frantses estatuan hizkuntza aniztasunaren alde lan egiten du Feltin-Palasek, eta L’Express egunkariko ohiko kolaboratzailea da. Mintzaldi nagusia aitzin, beste konferentzia bat eskainiko du, euskaraz, Marie Pourquié neuropsikologo hizkuntzalariak. Hizkuntza mailan diren patologiak aztertzen ditu Pourquiék, eta horretarako euskarazko baliabideak sortzeko lanari ekin dio. Izan ere, azaldu duenez, «arta pazientearen profilera egokitzeko, bere ama-hizkuntza kontuan hartu behar da». Euroeskualdeko proiektu baten barnean, Ipar Euskal Herrian sortu duten tresna Hegoaldera hedatzea eta beste euskalkietara egokitzea dute xede.
'Ligetx koblakaria(k)' pastoralak baditu bere bi antzezle nagusiak: Marie Urruty eta Ximun Héguiaphal. Madalena eta Luis Ligetx anai-arreben papera antzeztuko dute. Kargu nagusi horien banaketa iragan ostiraleko mustrakan egin dute. Uda honetan bi emanaldi eskainiko dituzte, lehena uztailaren 28an, eta bigarrena, agorrilaren 3an.
Historian sartu da Battitta Ducassou pilotaria. Frantziako buruz burukako berezkoen finalean 40 - 27 nagusitu da Mathieu Ospitalen parean, eta zazpigarrenez jantzi du irabazlearen txapela. Balentria hori erdiesten duen lehena da pilotari itsasuarra. Alta, Ospitalek ongi hasi du partida eta lehen hamar tantoak aise eraman ditu, eskuan mina hasi zaion arte. Buruz buruko txapelketa bururaturik, binazkakoak hartuko du gaina Ipar Euskal Herriko trinketeetan. Ducassou, Bixente Bideondorekin ariko da txapelketa horretan.
Zergak igaiteko aukera ireki da Euskal Hirigune Elkargoan. Larunbateko osoko bilkuran, 2024ko aitzinkontuak eztabaidatu dituzte hautetsiek. «Estatuaren engaiamendu faltaren eta funtzionamendu kostuen handitzearen» ondorioz, «oreka puntu berriak» xerkatzeko deia luzatu dute Elkargoko arduradunek, aurtengo buxetari eta 2026ko finantza perspektibari begira. Igaitea %5ekoa izanen da, besteak beste, lur eraiki eta ez-eraikien fiskalitatean, bigarren etxebizitzen ekarpenetan edota CFE Enpresen lurren gaineko zergetan. Gaiak Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat talde politikoen desadostasuna piztu du, eta Hirigune Elkargoaren eredua zalantzan eman dute beste hautetsi batzuk. 2024ko aitzinkontua martxoko osoko bilkuran bozkatuko da.