Xebax Cristhy: «Konpentsazio legeak bere helburuak biziki ongi bete ditu»

Aldi baterako bizitegi turistikoen kopurua apaltzeko xedearekin, duela bi urte Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek, gehiengo azkarrarekin, konpentsazio arautegi bat onartu zuten, urte osoko alokairuen emendatzea bultzatzeko. Iaz jarri zen abian araua, eta Alda elkartearen iritziz emaitza onak eman ditu. 2020 eta 2023 artean abantsu 10.000 alokairu turistiko baimendu ziren; aldiz, iazko martxoaren lehenetik soilik laurehun bizitegik jaso dute baimena.

Nora Arbelbide: «PPDA gizartearen aitzinean kondenatua izan dadin nahi dugu»

Patrcik Poivre d’Arvor frantses telebista aurkezle ohiaren aferan, bi bortxaketa eta eraso sexual bati buruzko inkestak segitzea galdegin du Nanterreko auzitegiak. Bigarren salaketa fase horretan 22 emaztek eman dute lekukotasuna, eta horietatik hemeretzi salaketa eta seinalamendu prozesutik at gelditu dira. Une honetan, 45 lekukotasunetik, bakarrik, PPDAk egindako hiru bortxaketa eta eraso sexual bati buruzko instrukzioak dira bidean. Nora Arbelbide Berriako kazetari ohiak ere jasan zuen PPDAren jazarpena 2003an. Bere kasua segidarik gabe sailkatu bada ere hurbiletik segitzen du afera.

Euskaraz eta gaskoieraz izanen da Xarneguko pastorala

 

«Etxe bakoitzean uztartzen dira euskal eta gaskoi kultura; ez da mugarik» halaxe mintzo da Inesa de Gaxenen pertsonaia, Pantxika Urruti errejentak antzezturik. Bi astero Bastidan edo Bardozen elkartzen dira, pastoraleko 105 arizaleak. Euskaraz eta gaskoiez aurkeztuko dute Xarnegu eskualdeko pastorala. Itxaro Bordak euskarazko partea idatzi du, eta Ivan Bareyrek gaskoirerazkoa. De Lancreren garaian, etengabe akusatua baina beti ukatu zuen sorgina izaitea Inesa Gaxenek. Gogorki zigortu zuten, Hondarribitik bidali zuten ontzi batean eta desagertu zen. Ekainaren 15 eta 16an estreinatuko dute Xarneguko pastorala.

Zirtzilak eta dantzariak nagusi igande honetan Baigorrin

Zirtzil eta dantzariek hartu dute Baigorri igande honetan. Aroa lagun izan gabe ere, jendetza hurbildu da Baigorriko gazteek prestatua zuten emanaldia ikusteko. Beste herri batzuetan ez bezala, dantzariek genero gabeko jantzi bereziak sortu dituzte, eta ber logika barneratu dute haien koreografietan. Euskal dantzek aitzina egin dezaten «tradizioa atxiki, baina geroari buruz begiak irekita» izatea baitezpadakotzat jotzen du Oier Araolaza euskak dantzetan adituak. Desmartxa interesgarria iruditu zaio Baigorriko dantzariek landu dutena.