Urruñan, Hendaian eta Baionan izan dira atxiloketak. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak azaldu duenez andeatzeak eta poliziaren kontrako erasoak leporatzen dizkiete sei gazteei. U14 kolektiboak uztailaren 14an antolaturiko manifestaldietan kalte materialak eragin izanaz eta Baionako erretreten erreformaren kontrako istiluetan parte hartu izanaz akusatzen dituzte. Atxiloketak goizeko 6:00ak aldera izan dira, eta Baionako polizia etxera eraman dituzte sei gazteak. Horrez gain, atxilotuen senideek salatu dutenez etxeko ordenagailu eta mugikorrak ere hartu ditu frantses poliziak. Ainhoa Arin atxilotutako bi gazteren amak adierazi duenez, «poliziala judiziala izan da atxiloketen egilea, eta kolpeka sartu dira etxean. Etxea miaturik esku burdinekin eraman dituzte».
Korsikaren autonomia bidean da. Duela astebete bildu ziren Parisen Gerald Darmanin frantses barne ministroa, eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea. Hitzordu horretan, bi aldeen arteko hurbilpena gauzatzea zuten xede, uhartearen autonomia nola garatuko den adosteko. Ander Perez, Berria egunkariko kazetariaren arabera «aurrerapausoak egoten ari dira, baina Korsikako nazionalisten galde historikoak ez dira erabat kontuan hartuak lehen testuan». Parisek, erraterako, ez du egoiliar estatutu famatua eta korsikeraren ofizialtasuna onartzeko asmorik. Martxo hondarrean berriro bilduko dira Korsikan.
Baionatik Parisera 1035 kilometro eginen dituzte bizikletaz. Elbarritasun psikiko edo mentala duten 10 pertsonek markatu dute desafioa, agorrilaren 15etik 30era, olinpiar jokoak eta ondotik paralinpikoak izanen direla baliatuz. Osasun mental eta psikikoan arazoak dituzten pertsonei kirola eta aisialdia eskaintzen dien Olagarroa elkarteak bultzatzen du egitasmoa. Orain, behar diren bizikleta egokituak erosteko dirua behar dute eta horretarako diru bilketa kanpaina abiatu dute.
Ezpeletako biperrak interesa piztu du Afrikan. Baina ez salerosketa aldetik, sor-markaren garapenarengatik baizik. Hainbat ekoizlek egin dute bidaia Lapurdiko herriraino Benin, Senegal, Boli Kosta, Kamerun eta Gineatik. OAPI jabetza intelektualaren Afrikako erakundearen laguntzaz egin dute bidaia, Ezpeletako biperra nola egituratua den, laborariak nola antolatuak diren eta sor-marka nola aitzina eramaten duten ezagutzera. Aste osoa pasako dute Ipar Euskal Herrian, hainbat tailer eta bisita burutuz.
Aldi baterako bizitegi turistikoen kopurua apaltzeko xedearekin, duela bi urte Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek, gehiengo azkarrarekin, konpentsazio arautegi bat onartu zuten, urte osoko alokairuen emendatzea bultzatzeko. Iaz jarri zen abian araua, eta Alda elkartearen iritziz emaitza onak eman ditu. 2020 eta 2023 artean abantsu 10.000 alokairu turistiko baimendu ziren; aldiz, iazko martxoaren lehenetik soilik laurehun bizitegik jaso dute baimena.