Udan bai | Gaztetxoak vs. Ez hain gazteak

Agorrila erditsura heldu da Udan Bai!, udako Euskal Irratietako jokoa. Iparraldeko hiru herrialdeetako kidez osaturiko gazte taldeak 38 pundu erdietsi dute, orain arte buruan izan diren Etxepareko Lagunen heinera helduz. Estebe, Iztebe eta Ahetze gazteen parean ziren Ttipia, Sandra eta Mai, baina 32 pundurekin ez dute gazte taldea gainditu ahal izan. Finalean argituko da nork eskuratuko duen Hirigune Elkargoako turismo sailak eskainitako 1500€-ko plana.

Baionako Polo Beyrisko Herritartasunaren etxea, hestear

Baionako Poloko auzoan, Herritartasunaren Etxea hestekotan da. 60 urtez funtzionatu ondoan, sekula ezagutu ez duen krisi larriena bizitzen ari da. Gaur egun 700 kide ditu baina sei langiletarik lau kanporatuak izan dira. Joan den urte bukaeran, CAF familien laguntza kutxak bere laguntza erretiratu zion elkarteari barne kudeaketa arazo larrien ondorioz. Polo auzoko herritar talde batek alarma jo du, arduradunen arteko negoziazioa eta elkarrizketa bultzatu behar dela azpimarratuz. Agorrilaren 24an, usaiaz kanpoko Biltzar Nagusian trenkatuko da egituraren geroa.

Lapurdiko Arraun Taldea lehen mailara igateko play-offetara heldu da

Arraunketan, asteburu erabakiorra izan da Lapurdirentzat. Ozta-ozta eta azken palada arte sufritzen, baina Eusko Label Ligara igotzeko play-offetara sailkatu da, KAE 1 Ligan bigarren postuan amaituz. Sanpedrotarrek hartu diote aitzina azken estropadan. Baina irailaren 16 eta 17ko asteburuan jokatuko dute Galizia eta Euskal Herriko multzoetako lehen bi sailkatuen artean, eta Eusko Label Ligako azken aitzinekoaren aurka, igotzeko bi postuengatiko lehia.

Baigorriarrak nagusi, FFPBaren euskal pilotaren aste nagusian

Hasi bezala, jendez gainezka bururatu da iragan igandean Frantziako Pilota Federakuntzaren Aste Nagusia. Basusarri Sutarreko pilota plaza eraiki berrian, joko garbiko bi finalekin bukatu da. Eta biak ere Baigorriko Zaharrer Segi batasunak ditu irabazi 19 urtez beheitikoetan, Amikuzeren kontra (40-20). Eta lehen mailan, Baionako Avironen aurka aise (40-16). 2023ko aste nagusia, urte on bat bezala hartzen dute Frantzikao Federakuntzako antolatzaileek. Berritasun gisa, Frontballari ere egin diote tokia euskal pilotaren aste nagusian, neska pilotarien presentzia haunditzeko xedez. Xistera handiarekin batera, baina baliteke gehio izatea heldu den urtean.

Ronnie Lynn Patterson jazz izar estatu batuarra, Eiheralarren

Mississipiko jazz piano jole handienetariko bat Baxe Nafarroan izan da iragan igandean. Kontzertu intimista eta hunkigarria eskaini zuen Eiheralarreko Xoko Goxoa ostatuan, ehun bat entzuleren aitzinean. Estatu batuarrak Jean-Christian Irigoyen "Galtxetaburu" soinujole eta adiskidea ere harekin ukan du taula gainean. Haren bidez ezagutu zuen Euskal Herria lehen aldiz, eta euskaldunen historiaz hunkirik, euskara bere aldetik ikasteko urratsa eman zuen.