2024ko agiantzak egin zituen ostiral arratsean Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak, herriko kontseilua gibelean zuela. Azken urtearekin kontent agertu da, pandemia garaia gainditurik, proiektu berriei ekin delako herriko etxeak. Erdigunearen arraberritze handi bat hasiko da orain eta bi urtez luzatuko da, eta gisa bereko iraupena izanen dute igerileku berria eraikitzeko lanek. Etxebizitzaren gaia ere hizpide ukan zuen Ezenarrok; Hendaia tentsio handiko bizitegi-eremua izendatu izana eskertu du. Hendaiako etxebizitzen %37 bigarren egoitzak dira, eta parean, bizitegi sozialentzako 700 eskaera arraposturik gabe segitzen dute. Egoera arindu nahian, herriko etxeak alokairu eta jabego eskuragarriagoa bermatzeko eraikuntza bat estreinatuko du aurki COL egiturarekin batera, eta beste hiru egoitza ere eraikitze bidean ditu.
Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla. Ikerketak ere agerian eman du Ipar Euskal Herriaren «ahultasuna bizitegi sozialen eskaintzari dagokionez». Sokorri Katolikoak 13.000 pertsona eta 2.700 familia inguru lagundu zituen 2022an Iparraldean, eta 19.000 gosari banatu dituzte Baionako egoitzan bakarrik. Adierazgarria da, gainera, Iparraldeko Sokorri Katolikora heldu direnen %20 lansari bat dutela. Hazkurri Bankuak elikagaiak eskaintzen dizkie tokian tokiko elkarte solidarioei, eta 2023an, elikagai galdea %10 igan dela hauteman dute. Zorionez, Filgi Claverie Hazkurri bankuko kideak azaldu duenez, «iragan azaroko hazkurri bilketan %10 eskaintza gehiago bildu ditugu, orotara 122 tona elikagai» eta, horrez gain, «hazkurri industriak ere %10ez emendatu ditu bere eskaintzak».
Sara Zozaya donostiarra izan da, Euskal Irratietako Eguberri Kantuz emankizuneko azken gomita. Gure Irratiko Diskotekara gomitatu du Arantxa Idiederrek, Nara bere lehen diskoaren aipatzeko. Urrian ateraia, taldearekin aurkezten hasiak dira, eta jada ondoko kantuei pentsatzen hasi da Sara Zozaya. Lau kantu zuzenean eman ditu artistak, tartean sorpresa bat, Erramun Martikorenak kantatzen duen Xorieri Mintzo Zen kantuaren bertsio bat ere, lehen aldiz kantatzen zuena.
Aita Santuaren erranen gaizki ulertze bat inposatu nahi du Baionako Apezpikuak. Hala mintzatu da Altxalili Iparraldeko LGBTIQ+ kolektiboa. Haien ustez elizak oraino anitz du egiteko bere idekitasuna azkartzeko. Abendu bukaeran Marc Aillet apezpikuak agiri bat zabaldu zuen pertsona homosexualak bedeinkatuak izaiteko konbertsio terapien bidea hartu behar zutela iradokiz.
Esanezin, Altzagarateko musikari kantaria izan da urtarrilaren 4ko Eguberri Kantuz emankizuneko gomita. Gure Irratiko Diskotekan, zuzenean Arantxa Idiederren galderei erantzun eta 5 kantu zuzenean eman ditu gipuzkoarrak. Esanezin artista izenaren gibelean den Ianire Aranzabek erran digunaz, kasualitatez sartu zen musikan, eta horri esker bere barnekoak adierazteko bidea atzeman duela salatu digu.