Tabako bulegoetan ehiza munizioa salgai

Tabako bulegoek ehiza munizioa saltzen ahal dute iragan urtarrilaren lehenetik. Frantziako Barne ministerioak ehiztarien eta tabako saltzaileen federazioarekin adostu du legea. Tabakoaren prezioaren igaiteak, saltzeko nekeziak eragiten dituenez eta Hegoaldeko saltzaileekin lehia handia denez, dibertsifikazioa azkartzea erabaki dute. Aldi berean, landa eremuan ez dira ehizan berezitutako saltegi anitz, eta beraz, tabako bulegoen azpiegitura baliatzeak ehiztariak lagundu ditzake. Nolanahi ere, neurria ez da tabako saltzaile ororen gustuko, izan ere formakuntza bat egin beharko dute eta zaman bat gehiago gehituko baitzaie.

«Salbuespen neurriekin bukatzea eta militante horiek etxera itzultzea aldarrikatuko dugu»

Larunbat honetan iraganen da Bilbon, urte oroz euskal preso politikoen alde egiten den manifestaldia. Aurten, «konponbiderako giltzak» izanen da lelo nagusia. Gaia aipatzeko, Anaiz Funosas, Bake Bideako kidea izanen da goiz berriko gomita 8etatik landa. Jakin, autobusak antolatuak direla ipar Euskal Herritik ere, Bake Bidearen webgunean atzemanen duzue lotura izena emateko.

Italia eta Afrika ardatz FIPADOC festibalean seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak. 177 ikus-entzunezko ekoizpen aurkeztuko dituzte, horien artean, Itziar Leemans Donibane Lohizuneko zinegilearen «Olatuak» dokumentala. Aurten, hainbat dokumental ikusten ahalko dira euskarazko azpitituluekin. Antolatzaileek parte hartze handia aitzinikusi dute, jakinez 2023an 32.000 ikusle bildu zituela Miarritzeko dokumental jaialdiak.

«Frantziako presondegiek %148ko okupazio tasa dute»

OIP Nazioarteko Presondegietan Behatokiak 2023 urteko bilana aurkeztu du. Abenduaren lehenetik atxilotuak diren 75.000 pertsonetatik, 50.000 inguru %148,5eko okupazio tasa duten presondegietan dira, eta 2.748 lurrean ezarritako matalazetan lo egiten dute. Egoera are arranguragarriagoa da Frantziako hamaika presondegietan, okupazioa %200era heltzen baita. Emazte eta adingabe presoen kopurua egonkor segitzen du, %3,7ko eta %0,8ko heinetan, hurrenez hurren. Presondegien gainpopulatzearen ondorioz, Europako Giza eskubideen auzitegiak bi aldiz kondenatu du frantses Estatua, 2020an eta iazko uztailean. Maite Etcheverria OIP elkarteko kidea Goiz Berri saioko gomita izan da.

 

ELBko hegazti hazleak Frantziako Laborantza ministroarekin bildu dira

ELB, Confédération paysanne eta Modef sindikatuetako hegazti hazleek horien arrangurak plazaratu dizkiote Marc Fesneau Laborantza ministroari, hegazti gripearen harira Estatuak ezarri dituen neurriei dagokienez. Hegazti gripeak azkarki kolpatu ditu hazkuntza txikiak, baina zailtasun handienak eritasunari buru egiteko araubideak sorrarazi ditu. Izan ere, kabalak barneetan atxikitzeko manua zabaldu zuen Estatuak. Neurri horrek, kinka txarrean utzi zituen kanpoko hegazti hazkuntzak ttipiak. Haatik, azken hilabeteetan, hazle ttipiendako araubide propio baten esperantza ireki da. Confédération paysann sindikatuak bultzaturik, esperimentazio bat abiatzear da urtarrilean aire-libreko 130 hegazti eta zerri hazkuntzetan, horietarik zortzi Ipar Euskal Herrian. Esperimentazio horren emaitzak aintzat hartuko dituela hitz eman du Fesneau ministroak.