Etxegabeentzako 40 loleku gehiago ireki ditu Atherbeak

Zeropeko tenperaturak arribatuak dira Iparraldera. Alta, laurehun pertsona inguru karrikan bizi dira Baiona, Angelu eta Miarritze eskualdean. Baionako Gurutze Gorriak abenduan ohartarazi duenez, etxegabeen kopuruak goiti egin du iaztik. Azaroaren hamabostetik, gauero jatekoa, edari beroak eta hotzaren kontrako jantziak banatzen dituzte. 2022an gauero 40 bat pertsona atzematen zituzten, aurten, aldiz, 60 inguru. Hori dela eta, lo egiteko berrogei toki gehiago eskainiko ditu Atherbea elkarteak, higiene eta elikadura beharrak ere segurtatuz.

Gripea, covid 19a, bronkiolitisa... hemen dira neguko eritasunak

Zertan dira urte hastapen honetan neguko eritasunak? Goiti doazela diote batzuk, eta beste urteen antzera girela besteek. Baionako ospitaleko zuzendaritzaren arabera, larrialdiak ez dira gainezka, nahiz eta behin eta berriz entzun dugun egunerokoari ezin buru eginez ari zirela. Negu oroz bezala, gripea hemen da, A motakoa bereziki. Baina momentuz ez dirudi egoera bereziki arranguratzekoa denik. Aldiz, kezka sortzen duena mediku eskasia da; izan ere, ordezkapenak betetzeko zailtasunak dituzte.

«Langileriaren independentzia politikoa estrategia sozialista baten barnean artikulatzeko sortu da EHKS»

Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, mugimendu sozialistaren erreferente politiko nagusia  aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian. Baiona eta Bidarraiko aurkezpenetan azaldu dutenez, «krisi kapitalista bete-betean, komunismoa langileon artean hegemoniko bilakatzeko lan eginen Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak». Era berean, alderdi parlamentarioei kritika egin diete, eta «joko-zelai politiko burgesetik» kanpo antolatzeko proposamena luzatu dute. Duela hiru urte pasa antolatu zen GKS gazte antolakunde sozialista Ipar Euskal Herrian, eta duela bi urte aurkeztu zuten ere hemen Kontseilu Sozialista. Preseski, azken urteetan mugimenduak eginiko urratsen segidatzat jo dute Euskal Herri mailako antolakunde horren sorrera, «erronka handiagoei» heltzeko xedearekin. Gabi Daraspe, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kidea izan da Goiz Berri saioko gomita.

Gazteak ere «konponbiderako giltza» direla aldarrikatu dute

Euskal preso politikoen egoerari aterabide bat emateko «konponbiderako giltzak» aldarrikatuko dituzte Sarek eta Bakegileek heldu den asteburuan Bilbon. Manifestaldi deialdi horrekin bat egin dute Ipar Euskal Herriko dozena bat gaztek. Jan den larunbatean agerraldia egin dute Miarritzen «belaunaldi gazteenak ere gatazka armatuaren konponbidean inplikatuak direla» aldarrikatzeko.

Pilota: Sanchezek irabazi du 30. Super Prestige lehiaketa

Ipar Euskal Herriko txapela preziatuena eskuratu du Luis Sanchez pilotari nafarrak. Donibane garaziko Garatenea trinketeko Super Prestige lehiaketan nagusitu da, Peio Larralde hazpandarraren kontra. Oren bat eta laurden iraunduen artida zirraragarria, 39 eta 40 tantotan bururatu da. Sanchezek zailtasunak ukan ditu hastapenean jokoan sartzeko, 21 eta 5 galtzen zuelarik. Aldiz, partida hankaz goiti ezarri du 20 kintze sartuz segidan. Orotara, sei berdinketa izan dira eta azkena 39 tantotan. Azken botetik Luis Sanchez txapeldun bilakatu da.

 

Luis Sanchez:

Peio Larralde: