Akitania Berriko eskualdeak 2023-2027 urte bitarteko Bio-ituna izenpetu du. Frantses gobernua eta ur agentziak biltzen ditu itun berrituak, eta bost ardatz nagusi zehaztu dituzte: pestizidarik ez baliatzea, animalien ongizatea, uraren kalitatea, bioaniztasuna, kalitatezko elikadura eta aldaketa klimatikoa saihestea. Diru laguntza horien bidez, beraz, etxalde biologikoen azpiegiturak hobetzea proposatuko dute, baita laborantza lizeoetako biologikoaren sailak biderkatzea ere. Horrez gain, hezkuntza zentroetako kantinetan elikagai biologikoak baliatzea bultzatuko du Bio-itun berriak.
Misja Medycyna fundazio poloniarrak, Ukrainiarekiko elkartasun deia luzatu du Ipar Euskal Herrian eta Landetan. Sendagailuak bildu nahi dituzte Ukrainian zauritutako pertsonak artatzen laguntzeko. Gure lurraldetik kamioi osoa bat igortzea dute xede, zuzenki gerla egoeran diren lurraldeetako ospitaleak hornitzeko. Iragan irailean Baigorrin egin zuten bezala, haur ukrainarren aldeko elkartasun kantaldia antolatu dute Bidarten, Euskal Herriko eta Ukrainiako hainbat kantarirekin.
Lehen aldiz Ipar Euskal Herriko filma bat, egun berean, Euskal Herri osoan estreinatuko da. Josu Martinez baigorriarraren 'Bizkarsoro' bost laburmetraiez osatutako filma da, eta euskal hiztunek 1914 eta 1982 artean jasan duten jazarpena du hizpide. Bost urteko lanaren emaitza izan da, Baigorriko berrehun bat biztanleren parte hartzeari esker egin dena. Urtarrilaren 12an Baionan, Donibane Lohitzunen, Kanbon, Donibane Garazin eta Maulen ikusgai izanen da Ipar Euskal Herrian.
Galiziako kostaldea inbaditu dute plastikozko bolatxoek. Abenduaren 8an, Toconao itsasontziak bere zamaren zati bat galdu zuen bidaian, eta 25.000 kilo bolatxo isuri zituen itsasora. Bolatxo horiek euskal kostaldera heltzeko probabilitatea aztertzen ari da AZTI ikerketa zentroa, Eusko Jaurlaritzaren aginduz. Euskal Hirigune Elkargoak ere segipen zelula bat sortu berri du, kutsadura horrek Lapurdiko kostaldean ukan dezakeen eraginari aurre hartzeko. Zentzu horretan, AZTIk eta Bidarteko Rivages Pro Tech ikerketa zentroak indarrak elkartuko dituzte.
«Kapitalismo berde» deritzonari segika, auto elektrikoen industriak bere lekua egin du merkatuan. Sail horrek bizi izan zuen gorakada, ez da uste bezain irmoa. Hori dela eta, finantzaketa publikoaren bidez azkartu nahi izan dute auto hauen salmenta. Zentzu horretan, aurten ere, elektrikora iragateko laguntzak proposatuko ditu Frantziako gobernuak, 'Bonus ekologikoaren' barnean. Laguntza eskuratzeko auto berriak ez du 2,4 tonako pisua gainditu behar, ezta 47.000 euroko kostua ere ez. Auto elektrikoen salmenten heina %14 emendatu zen iazko urtean.