Gaur hasi da Donostiako 74. Zinemaldia. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kideak jaialdiaren antolakuntzari buruzko xehetasunak eman dizkigu. Lan handia dakar Zinemaldiarentzat ezinbertzekoak diren alde guztiak uztartu eta asebetetzeak: zinema industriako profesionalak, ikusleak, kazetariak, babesle instituzional eta komertzialak. Lana dakar, halaber, Zinemaldia baina handiagoak diren bertze hiru jaialdiekin lan egiteak ere: Cannes, Venezia eta Berlin. Konkurrentziaren dinamikan ez erortzen ahalegintzen direla azaldu du Fernandezek, eta hala, "etengabe" daudela hiru jaialdietako zuzendariak eta Donostiakoa elkarrekin harremanean.
Haatik, Fernandezek argi du "Cannes dela munduko zinemaldirik garrantzitsuena", zergatik eta hautatutako filmei "asko ematen" dielako; proiekzio handia, publikoari eta industriari begira. Jaialdi frantsesarengandik "ikasi" behar dutela azaldu du hala Joxean Fernandezek, Donostiak ere gehiago eman diezaien hautatutako filma horiei, eta horretarako industria eta publikoa "biak" zaindu behar direla uste du. Horrexegatik da Zinemaldia antolatzea "puzzle bat, puzzle handi bat".
Lan horri helduko dio aurtengo ediziotik landa Maialen Belokik, 2016tik zuzendariorde izan denak Zinemaldiaren zuzendari ardura hartuko baitu. Haren prestutasuna eta gaitasuna azpimarratu ditu Filmotekako zuzendariak, eta Zinemaldia lerden mantentzeko pertsona egokia dela berretsi. Aldaketa "normaltasunez eta lasai" eginen dute, eta 2027a hastearekin batera helduko dio lan berriari Belokik.